EZLEKUBAT

Eneko Balerdi: “Artea sortzerakoan garrantzitsua da zintzotasuna”

Eneko Balerdik (Aia, 1981) 2003an zuen ohiko lanari uko egitea erabaki zuen dantzari izateko. Geroztik, funky ikasteari ekin zion Donostiako Anaiak eskolan, Londresko The Place eskolan dantza garaikidea ikasi zuen eta 2007an Danimarkan eta Irlandan lanean aritu ondoren, 2008an EHUko Arteak eta Zientziak masterra burutu zuen, eszena zuzendaritzan espezializatuz. Geroztik, aldi berean dantza irakasle eta koreografo lanetan murgilduta ibili da. Hainbat euskal koreograforekin elkarlanean aritu da eta 2008an Dantzan Banaka bakarkako obra aurkeztu ondoren, orain, bakarkako beste proiektu baten prestakuntzan dabil sartuta buru-belarri: L’akua, Bilboko La Merced aretoan azaroaren 2an aurkeztuko duena.

Zer da zuretzat dantza?

Dantza nire eguneko elementu nagusiena da. Bai praktikoki bai fisikoki lantzen dut eta baita intelektualki ere, uneoro nago dantzarekin nolabait lanean. Profesionalki zein pertsonalki gorputzarekin eta mugimenduarekin asko erlazionatzen naiz eta komunikatzerako orduan asko baliatzen naiz mugimenduaz, gorputz adierazpenaz.

Zeintzuk dira dantzari on bat izateko behar diren ezaugarriak?

Nik esango nuke bi elementu nagusi daudela. Batetik jakintza edo kanpotik hartzen duzuna eta hor sartzen dira batetik, erreferentzia teknikoak, zure gorputzaren ezagupen fisiologikoa, nola mugitu, eta zein muga eta zein ahalmen dituzun ezagutzea, hau da, teknika; eta bestetik, emozionalagoa edo pertsonalagoa dena, zure mundu pertsonalean mugitzeko abilezia izatea eta ikasitako horretatik irteteko gaitasuna izatea. Erreferentziak aldioro hor ondoan izanez, betiere zure ekarpen berriak egiteko gaitasuna izatea. Eta hor maila ezberdinak daude. Batetik gehiago izango du dantzari batek, beste batek bestetik gehiago, eta horrek ez dakit hobea ala txarragoa egingo dituen, baina ezberdin egingo ditu.

Zuk zeinetik daukazu gehiago?

Nik uste gehiago dudala jakintza pertsonal horretatik, nire prestakuntza nahiko berantiarra izan baita. Jada 21 urte nituela hasi nintzen dantzatzen eta nahiko ordu gutxi; 23rekin hasi nintzen goi-mailako ikasketetan eta dantzari benetan ordu kopuru esanguratsu bat eskaintzen, ikasten…

 Frontoian, Dantzan Banaka ikuskizunean.

Zer dantza estilo jorratzen duzu?

Nik teknika garaikidea jorratzen dut; estiloa, mugimenduaren bilaketa pertsonalak definitzen du. Orduan gaiak ezartzen duen mugimendua kalitatearen araberakoa izango da. Aurreko bakar-lanean, Dantzan Banaka-n, frontoiko pilota, mugimendu horiek aztertzen nituenean  indarrak presentzia handia zuen eta indar honen bilakaera ezberdinak, espiral zirkularrak, inertziak, salto eta lurreratze askoz ere indartsuagoak ziren eszenan. Baina L’akuan urari solidotasunak ematen dion gogortasun bat edo mugiezintasun bat, likidoak ematen dion isuri egoera… kontraste handiko mugimenduak aztertzen ditut. Orduan estiloa garaikidea da baina lan bakoitzak baldintzatzen du mugimendua.

Taldean ala bakarka dantzatzea duzu gogokoago?

Oso erritmo ezberdinak dira eta nolabait taldean lan egiteak asko aberasten du lan bat. Pertsonalitate bakar horren esentzia horrek, interesgarria dena, batzuetan hori kentzen dio eta inorena ez den lan bat sortzen da,  lan horrek entitate pertsonala hartzen du eta hori taldean bakarrik egin daiteke. Eta gero aldi berean bakarka lan egiten duzunean lan hori zurea da bakarrik, asko mimatzen duzu, aukera ematen dizu lan horri momentu oro garatuz oso bizi mantentzeko. Baina ez nuke bien artean aukeratuko. Bakoitzak gauza ezberdinak ematen dizkizu. Taldean lan egitea oso aberasgarria da eta bakarka badaukazu zure erritmoa, horrek dauzkan alde on eta txarrekin. Bakarrik zaude beti, baina ondo zaudenean ongi zaude eta zure erritmoetan fidel izan zaitezke, eta horrek lanari laguntzen dio, nahiz eta horrek prozesua luzatu askotan. Pentsa daiteke azkarragoa izan daitekeela baina nik uste alderantziz dela. Eskaini diezaiokezula denbora gehiago eta zintzoagoa izan. Artea sortzerakoan niretzat hori oso garrantzitsua da, ezta? Zintzotasuna, zerbait egitea benetan sortzen zaizunean eta ez urteroko produkzio dinamika batean zaudelako, eguneroko ogia irabazteko beharretik.

Koreografo lanaz gain irakasle lanetan ere aritu zara. Hezkuntza ofizialean dantzari eta arteari orokorrean ez zaie garrantzirik ematen. Zein da zure iritzia horren inguruan? Nire iritzia da lan egin behar dugula. Ikertu behar dugula egoera zein den zehazki eta horretarako planak badira, egoera ezagutu eta gero horren arabera aldaketa plan bat proposatu ahal izateko erakundeei. Eta etorkizun hurbil batean hori aldatu ahal izateko, plan bat martxan jartzeko. Arte hezkuntza oinarrizko ikasketetan oso baztertua dagoen hezkuntza da, oso garrantzi gutxi eman izan zaiona eta errealitatea da ikastetxeetan ditugun arte irakasleen konpetentziak nahiko murritzak direla arlo honetan. Eta ez da euren errespontsabilitatea soilik, gizarte osoa hezi behar da eta hezitzaile horiek hezi behar dira eta horretarako erakundeak hezi beharra dago.

Zergatik da garrantzitsua nerabe ala gazteek artea ikastea? Ze ekarpen dauka? Nire iraganeko esperientzian bilaketa bat egin eta gero, nik uste arteak eskaintzen duena dela nolabaiteko espazio bat… Irakaskuntza prozesu batean normalean oso prozesu zuzena eta formala daukagu, ikasleak jaso eta jaso besterik ez du egiten, emateko eta bilatzeko denborarik gabe, aginduak ematen zaizkio galderak egin aurretik eta “gauzak horrela dira” esaten zaie, beste era batera izateko aukerarik eman gabe. Arteak ikasle batek izan dezakeen ekarpen pertsonal hori bilatzeko, prozesu hori gauzatzen eta lantzen laguntzen du. Eta lagun dezake, hortik abiatuta, gainontzeko ikasgai guztietan ere beste era bateko bide bat jorratzeko ikaslearentzat. Gorputz aldetik, komunikazio aldetik, askatzen, bere gorputza ezagutzen, beste gorputzekin komunikatzeko bidea bilatzen, espazioa, eta isiltasun aldetik, pentsatzeko denbora aldetik…

Orain zure koreografia propioa den L’akua lana aurkeztera zoaz. Zer aurki dezakegu bertan?   Ba izenburu beratik abiatuta Swan Lake –i erreferentzia egiten dio, eta baita ere italierazko l’acqua-ri. Ura oinarrizko bizi elementu den aldetik bere gabeziak eta bere presentziak pertsona batengan ekartzen dituen egoerak pixka bat aztertu, pertsona horrengan izan ditzakeen ondorioak esploratzen dira jolas eginez, uraren egoera ezberdinekin (likido, gas ala solido). Eta Swan lake, agian erreferentzia estetikoagoa da, forma edo irudian oinarritu naiz gehiago istorio horretako pertsonaia baten sentimendu bakar bat hartuz eta harekin jolastuz. Ez da inongo bertsioa baizik eta nire interpretazio txiki bat, begi-keinu bat lan horri.

Zenbat emanaldi emateko asmoa daukazu?

Momentuz ez dago zabalkuntza prozesua hasita, orduan pixkanaka joango da. Lan hauek ikerketa lanak dira, dantzan egiten den ikerketa baten fruitu eta ez beti lan amaitu bat. Eta L’akua-ren kasuan ere ikerketa dagoen puntu horretan azalduko da, eta esateko dago izaera horretan edo iraupen horretan mantenduko den, edo garatuko den beste zerbait izan arte. Oraindik definitzeko dago.

Profesionalki zein amets duzu?

Ziklo berri bat hasten ari naiz orain. Sorkuntza lana egiteaz gain, irakaskuntza lana egin dut beti. Oso gustuko dut eta horregatik erabaki dut Psikodidaktikako masterra egitea aurten, irakaskuntzaren magia hori nola gertatzen den ikasteko. Beraz sorkuntzan eta irakaskuntzan jarraitzea, erritmo mantsoagoan eta kalitatean kontzentratuz da momentuz ametsa, eta jada ametsean nabil. Hori bai, ametsa egunero aldatuz doa, orduan nik nolabait gaur dakit bihar nora eraman nahi dudan, ez dut gaur jada hemendik eta urtetarako amets hori irudikatua. Eta ez dut hori bilatzen ere. Izan dudanean egun bat, aste bat, edo urte baterako ametsa irudikatua, askotan ez da horrela izan. Orduan nire buruari amesten uzten diot eta amets horren bidetik irteten naizenean, ez da amets hori ez dudala lortuko, baizik eta amets ezberdina lortuko dudala. Eta nolabait oso irekia daukat nire amets hori.

Argazkiak: Paula Rechtman

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button