EZLEKUBAT

Michelangelo Antonioni, begiratzen jakitea

Badu Antonioniren zineak halako funtsezko premisa, bere pelikuletan berehala antzematen den guraria, ikuslea nolabaiteko voyeur bilakatzen duen hazi transgenikoa, filmikoa, iradokitzailea. Begirada kritikoaren lege anarkikoei eutsiz, bere lanetan erdi-mailako klase aberatsa bistaratu eta epaitzen du: auskalo! agian gure epaia eratzea izan da haren asmoa kamera objektiboaren atzean. Esaten zuen, bai, begiratzen jakitea berebizikoa dela. Gai izango garen ala ez gure esku dago.

Abenduaren 12tik 2013ko otsailera bitartean, Bilboko Alhondigan ikusgai den aurtengo azken zikloa abian jarri du Zinematekak, Bartzelonako Centro di Studi sul Cinema Italiano-rekin elkarlanean. Zikloa Michelangelo Antonioni zinemagilearen jaiotza (Ferrara 1912) omentzeko aitzakia besterik ez da, dagoeneko mendea gauzatu baita.Luzemetraiak, metraje laburreko filmak eta dokumentalak proiektatuko dira, garaiko zine europarra iraultzatu zuen filosofia eta korrontea gurtuz. Neorrealismoaren usaina dario.

Programazioa potoloa da benetan, 50-60ko hamarkadan zuzendutako zinta nabarmenenak plazaratuko dira, 70eko hamarkadan asmatutako bitxiak, metraje laburreko film pot-pourria… Cronaca di un amore (1950), Le Amiche” (1955),  L´avventura” (1960), La notte” (1961), Blow-up (1966), Zabriskie point (1970).

Kreatibitate emankorra erakutsi du Roselliniren gidoilariak  bere ibilbide luzean. Neguko kale gris, eraikuntza gris, besarkada gris, irribarre gris, aio gris, musu gris eta ohe-joko grisen atzean dugu bera, neguko Bilbori omen, alderantziz uste bada ere. Bizi dugun neorrealismo garaikide honek eta Bigarren Munduko Gerraren ostean Italian bizi izan zutenak badute antzekotasunik. Agian, horregatik, Zinematekako antolatzaileek aproposa ikusi dute belaunaldi berriei horrelakorik erakustea, aitzakia bestelakoa izan den arren. Nolanahi ere, ez da garrantzitsuena.

Paragrafo horien ondoren gogoa piztu dizudala sentitu baduzu, hautaketa zorrotzagoa proposatuko dizut. Aukeran jarriko dizudan lehenbiziko trilogiak burgesiaren izaera astintzen du, eta, horretarako, Antonionik printzipio neorrealistak eransten dizkio bere zineari, eta, zeharka, ikusleari, pentsatzera bultzatuz, kritikatzera animatuz, baina, batez ere, xehetasunez behatzera behartuz.

Aipatu dudan trilogia hori, La signora senza camelia, Le amiche eta Cronaca di una amore filmek osatzen dute. Hiru zinta horietan, Antonionik, bikote baten krisia, zinearen unibertsoan galtzen den emakume baten nondik norakoak eta Turineko goi-burgesia aztertzen ditu. Hiru kritika burutsu, sakon, zoli, orduko klase sozial gatzgabeari, kritika baita bere buruari ere, izan ere, Antonioni, probintzietako familia burges bateko semea zen.

Hirurogeiko hamarkadan filmatu zituen L´avventura, La notte eta L´eclisse trilogiak eman zion ospea, ordea, ferraratarrari. Ildo berean jarraitu zuen, bere pelikuletako pertsonaia dirudunen barrenak garautzen eta zineak duen boterearen beste adibide gisa, hitz bat jarri zuen modan garaiko gizartean… incomunicabilitá edo inkomunikazioa. Bere pelikuletako pertsonaiek munduarekiko erakusten zuten harreman malenkoniatsua.

Hitz horrek eragiten zituen sentsazioei jaramon eginez, Carlo Pontik ekoiztutako Blow-Up  zuzendu zuen Londresen. Haren pelikula ezagunena, agian, Julio Kortazarren ipuin batean oinarritu zelako, beharbada, errealitate eta itxuren arteko nahasketa bitxia burutu zuelako, nik zera diot…. zalantzarik gabe, hiltzailerik, krimenik eta gorpurik gabeko polizia-nobela zuzendu zuelako, argazkilarien mundua bere ikuspuntu partikularretik interpretatuz. Nahitaezkoa.

Antonionik arriskuak hartzeko gaitasuna zuela erakutsi zuen, eta bere zintetan izaera hori bortizki azaleratzen da. Esperimentazioaren aldekoa, asmatu egin zuen batzuetan eta huts besteetan, hala ere, gutxik arriskatuko lukete norberaren ibilbide profesionala, erabat gauzatu eta ospez blai, esploratu gabeko lurraldeetan barneratzeko. Blow-Up adibide bat baino besterik ez da.

Zinematekak eskainitako ziklo honi muzinik ez egiteko beste pisuzko arrazoi bat emango dizut. Laurogeita hiru urte zituela Wim Wenders zuzendari eta ekoizlearen laguntzaz, bere azkeneko luzea zuzendu zuen, Al di lá delle nuvole (Lainoak baino haratago). Ordurako elbarri zen eta besteekin komunikatzeko arazo larriak zituen, baina azken planoak gauzatu arte aritu zen buru-belarri. Bizitzaren ironia, bere pelikuletako protagonista bilakatu zen azken hasperenetan.

Inkomunikazio unibertsalena zehaztu zuen, komunikatzeko zuen gaitasunari esker.

Ba al dakizu begiratzen?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button