IKUS-ENTZUN

Otsoaren inguruan bizitzea

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko Bertoko Begiradak atalaren baitan, Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketak landutako Pizti bat agian film dokumentala pantailaratuko da, azaroaren 14an.

“Tiro batek arratsa urratuko du. GPS pantailak erabiltzen dituzten ehiztariek basoraino jarraituko diete zakurrei, eta gauak harrapatuko ditu. Beste leku batean, Mainak egunero zenbatzen ditu ardiak. Otsoa hurbil ikusi dute. Adan, agerpen horrekin liluratuta, haren bila aterako da ilargi berria denean, kamera eskuan hartuta. Bakoitzak modu bateko harremana izango du otsoarekin, baina bat datoz piztiarekin kontu batean: denek ikusi nahi dute, inork haiek ikusi gabe.”

Ipuin dokumental honek otsoaren inguruan bizitzeak sortzen dituen hainbat eszena eraikitzen ditu, denak Euskal Herriko mugetan jazotzen direnak. Hala, Karrantzako Haranean eta Garaziko eskualdean burutu zituzten errodatze lanak, 2020-2022 bitartean, urteko sasoi desberdinetan egindako egonaldietan.

Begirada bat proposatzen du filma: “denbora tarte bat eskaintzea animaliekiko harreman estuan dauden bizitzeko hautuei. Bada, mundu horretan barneratzeko saiakera gisara sortu dute ikus-entzunezkoa, errealitate jakin bat behatzeko irekidura.”
Antropologiatik abiatu zuen filmerako ibilbidea Olatz Gonzalez Abrisketak, eta Arte Ederren zein ikus-entzunezkoaren arlotik Ainhoa Gutierrez del Pozok. Lau eskutara zuzendu dute filma. Gutierrez del Pozo berak idatzi du gidoia, eta argazki zuzendaritza lanetan ere aritu da. Gonzalez Abrisketa, aldiz, Adriana Rolloso Hermosarekin batera aritu da soinu-lanketan. Pilar Monsell kataluniarrak burutu ditu edizio-lanak, eta Verde Prato (Ana Arsuaga) musikari tolosarrarena da musika.

Ainhoa Gutierrez del Pozo landa mundua eta arte garaikidearen artean lan egiten du, eta esparru horretan kokatzen da bere filmografia. Bere lehen laburmetraia, Medvedek (2019), Kimuak katalogoan hautatua izan zen, eta hainbat festibaletatik igaro da.
Olatz Gonzalez Abrisketa Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Ankulegi Euskal Antropologia Elkarteko lehendakaria da. Ikerketa-gai nagusiak kirolaren, sexu-elkartasunen eta espezieen arteko harremanen ingurukoak izan ditu, horien baitan, kirolak eta animaliek subjektibotasunen, sexuen eta iruditegi nazionalen konfigurazioan dituzten inplikazioak interesatzen zaizkio bereziki.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button