
EAEko hainbat zinema aretotan ikusi ahalko da gaurdanik aurrera SuperKlaus filma, Zinema Euskaraz programaren eskutik, zeina haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen den, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren. Publiko orokorrak euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango du.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan estreinatu den hamargarren filma da, Liztor Kapitaina lanaren ostean.
Hauxe duzue lanaren sinopsia: “Buruan kolpe handia hartu ondoren, Santa Klausek uste du SuperKlaus dela, film-saga ezagun bateko superheroia. Horrek kaosa sortzen du Ipar Poloan, eta Fafnir jostailu-fabrikatzaile zekenak egoera aprobetxatuko du Santaren tailerraren kontrola hartzeko. Asmo gaizto horiek desegiteko gai izango diren bakarrak Billie neskato azkar eta ausarta, C.A.R.L. robota eta Leo elfoa dira. Gabonak salbatzeko gai izango al dira berandu baino lehen?”
Hortaz, egunotan, Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Biteri Kultur Etxea (Hernani), Niessen Zinemak (Errenteria), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta SADE Cines (Donostia) aretoetan pantailaratuko dute filma.



