
Aurtengo Getxophoto jaialdiaren barruan, Bego Antón artistak Haiek danak sorginak izeneko erakusketa abiatuko da gaur. Haiek danak sorginak lanak ehunka urtetan zehar arauz kanpo bizitzeagatik salatuak, erasotuak eta erailak izan ziren emakume guztien irudia omendu eta erreibindikatu nahi du.
Sorgin-ehiza XV. eta XVII. mendeen arteko gertakari historikoa izan zen. Erlijio-agintariek hainbat emakumeri sorginkeria leporatu zieten, eta kasu askotan hil egin zituzten.
Bego Antón argazkilari bilbotarrak “Euskal Herrian sorginak izatea leporatu zieten emakumeen bizitza eta seinalaketa fanatiko eta misogino hori gertatu zen egoerak ikertu eta dokumentatu ditu. Medikuntza praktikak, gizarte-harremanak edo sexu-portaera disidenteak deabrukeriatzat jotzen ziren.
Egindako lanak hainbat grabatu historiko erlazionatzen ditu, torturapean lortutako aitorpenak barne, ikonografia tradizionaletik eta argazkilariak egindako ikerketatik ateratako argazki eszenifikatuekin”.
Bego Antón argazkilariak Kazetaritza ikasi zuen eta Bartzelonan Argazkigintza dokumentalean espezializatu zen. New York Times, National Geographic, Esquire, BBC, The Guardian, Le Monde, CNN Photos edo The British Journal of Photography agerkarietan argitaratu da bere lana, eta Guggenheim Bilbao Museoa, PhotoEspaña, Kutxa Kultur Gunea, Tabakalera, Niemeyer Zentroan, Canal Isabel II edota Centro Centron egin izan ditu erakusketak, baita New York, Suitza, Alemania eta Islandian ere.