IKUS-ENTZUN

Andres Duque zinegileari buruzko zikloa

Andres Duque (Caracas, 1972) zine esperimentaleko zuzendariaren atzera begitakoa ikusi ahalko da Bilbaoarten urtarrilaren 15etik 17ra bitarte Etorkizunerako entseguak lelopean. Orotara, bost film proiektatuko dira Bilbaoarte zentroan. Horretaz gainera, Duquek Zine kolektiboko tailer esperimentala izeneko ikastaroa zuzenduko du urtarrilaren 21etik 25era arte.

Zuzendari esperimentalaren inguruko zikloa bihar, urtarrilak 15, hasiko da iraupen ertaineko hiru emanaldirekin: Paralelo 10 (2005), La constelación Bartleby (2007), eta All You Zombies (2008). Etzi, berriz, Color perro que huye (2011) ikusi ahalko da, eta, azkenik, etzidamu, Ensayo final para utopía (2012).

Caracasen jaio arren Duque Bartzelonan bizi da 2001 urteaz geroztik. Espainiako zine esperimentaleko talentu handiko zinegilea da, eta Ivan Zulueta zuzendari donostiarraren ikus-entzunezko semea dela esan ohi da. Izan ere, 2004an Zuluetari buruzko Iván Z lana filmatu zuen.

Duqueren pelikulek lan abstraktuen itxura hartzen dute, sentimenduei ematen dielako lehentasuna, eta ez, ordea, kontzeptuei. Hala, konbentzionala ez den kontatzeko modu ezberdinak bilatzeari ekiten dio film guztietan. Entsegu filmak direla esan daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button