LITERATURA

Bernardo Atxagak “Txoriak kolpeka” kaleratu du

Gaur, azaroak 27, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Bernardo Atxagak Txoriak kolpeka (Pamiela) izeneko lana aurkeztu du. Bestaldetik ere, Txalapartak Erresumaren Ilunsentia lana ere aurkeztu du

Txoriak kolpeka lanak bi kontaera eta saiakera labur bat biltzen ditu. Lehenengoak, Andoniren heriotza LSDaren argitan, orain dela 800.000 urteko gizaki baten ezbeharra hartzen du abiapuntu. Bigarrenak, Pierrek dioena entzuten dut, erlezain baten aitortza jasotzen du erleen munduko poesia bereganatuz. Hirugarrenak, Lawrence Arabiakoa du izena eta Thomas Edward Lawrence militar ingelesaren irudia aztertzen du.

Erresumaren Ilunsentia lan historikoa Mila Salterainek idatzi du. Txalapartak helarazi digun oharrean azaltzen da lanaren nondik norakoa: “1190. urteko Santa Katelina egun batez hasten da nobela hau, Gaztelako Alfontso VIII. erregeak Haro familiaren laguntzarekin Nafarroako Antso VI. erregeari Bizkaia kendu zionetik urte gutxira.  Geroztik, Durangaldea –bi erresumen arteko muga– azpikeria politikoen jokaleku bihurtu da. Bertako tenientea, Petro Latrone, Didaco Lupi Harorekin azpilanetan dabil, Gaztelaren eskutik boterea handitzeko. Nafarroako erregeak, ordea, arretaz zelatatzen ditu muga-eskualde horretako jauntxoen jukutriak, bere erresuma eta herritarrak barneko nahiz kanpoko etsai guztien erasoetatik gerizatzera deliberatua.
Mila Salterainen eleberri koral honetan Errikardo Lehoi-Bihotza, Antso VII.a, Berengela eta gisako pertsonaia historikoak Peru itsuarekin, Anglesa serorarekin edo Prudentzio sasikoarekin nahasten dira. Denen artean garai gatazkatsu baten irudi bizia eskaintzen digute, gure historiaren bidegurutze erabakior batekoa”. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button