EZLEKUBAT

Paraleloan: “Musika, iluntasuna eta jendea”

Egoitz Pomares zarauztarrak eta Katza Aiarzaguena durangarrak antolatzen dituzte musika elektronikoz bustitako Paraleloan saioak. Orain arte lau saio ondu dituzte. Halere, bikoteak bosgarren saio bat ere ondu du maiatzaren 17an Bilboko Kafe Antzokian: Marcellus Pittman eta IVVO. Proiektu elektroniko honen berri izateko, Paraleloan egitasmoko kideekin hitz egin dugu.

Nola ezagutu zenuten elkar eta zein asmorekin sortu zenuten Paraleloan?

Beti diogu dantzan ezagutu genuela elkar. Leku desberdinetan egin genuen topo sasoi batean, beti gauez eta dantzan. Gau haietan hasi ginen gure plana ideiatzen, eta musika ozen egon arren, erraz ulertu genuen elkar. Burutapen horiek guztiak dekalogo batean bildu genituenean jaio zen Paraleloan. Gure asmoa zintzoa da; ahal dugun neurrian, publiko bezala ikustea nahi ditugun artistak hona ekartzea. Sarri diogu ez diogula estiloari erreparatu nahi, baina egia esan, ezin dugu ukatu musika elektronikoa asko maite dugula. Aspaldian ez daukagu gogorik kontzertuetan serio-serio begira egoteko. Beste interakzio eredu batzuk planteatzen ditu dantzarako musikak, zeinetan artista eta publikoaren arteko mugak desagertzen diren, entzuleak espektakuloaren parte aktibo bihurtuz. Dantzarako musikak gaur eguneko patroien hauste hedonista bat dakar berarekin.

Zergatik izen hori?

Beno, arrazoi desberdinak daude hor, eta denbora aurrera joan ahala berriak aurkitzen ditugu bidean. Nahiago dugu honen interpretazioa irekita uztea jendeari. Izena asmatu genuen bai, baina gaur egun bizitza propioa dauka, eta azaltzerakoan hil egingo zaigun beldur gara.

Orain arte lau saio egin dituzue, nolakoa izan da jendearen harrera? Egin dituzuen saioetatik zeintzuk izan dira arrakastatsuenak?

Harrera ona izan delakoan gaude. Badago guk maite dugun musika jarraitzen duen jendea Euskal Herrian, eta horrelako iniziatibak eskertzen direlakoan gaude. Gure saio arrakastatsuena zein izan den ordea, ez genuke jakingo esaten. Batzuetan jende gehiago agertu da, eta beste batzuetan gutxiago. Artista batzuk ileak puntan jarri dizkigute eta beste batzuk trantze baten sartu gaituzte, ia ezer ez gogoratzeraino. Artista batzuekin oso harreman estua lortu dugu, eta beste batzuekin ez hainbeste. Ezin dugu egiten duguna arrakastaren arabera neurtu, gure sentipen pertsonalekin oso estuki lotua baitago.

Musika elektronikoa hain zabala izanda, zein irizpide erabiltzen duzue saioak antolatzerakoan?

Lehenengoa guri gustatzea da, dudarik gabe, baina gustuez harago beste faktore bat ere badago; artistak egiten duena garrantzitsua kontsideratu behar dugu. Esan nahi da, ekarpen bat egin behar diola musikari; ahots propio bat, begiratzeko era berri bat edo orain artekoarekin haustura bat. Asko baloratzen dugun faktorea da azken hau. 

Maiatzaren 17an Bilboko Kafe Antzokian bosgarren saioa egingo duzue. Nolakoa izango da?

Guretzat gau handia izango da maiatzak 17koa: batetik, Kafe Antzokiko goiko solairuan egingo dugulako; eta bestetik, asko maite dugun artista bat izango dugulako gure artean. Marcellus Pittman Detroiteko house eszenan nolabait esateko kultuzko figura da, bere DJ sesioak historia hutsa dira, tradizio afrofuturista batetik abiatuta dantzalekua sutan jartzeko gai diren horietakoa; Jazza, Disco-a, House, zein Technoa… Oinarri beltza duen oro maisuki nahastuko du binilo hutsean, guk uste dugu gau hori berezia izango dela. Bere aurretik IVVVO portugaldarra egongo da, aspaldian prentsa espezializatuan kasu asko egiten dioten artista gazte bat, abstraktua, iluna, estralurtarra… Esan bezala. Kafe Antzokian egiteak ere berezi egingo du saio hau, musika elektronikoa Bilboko erdialdera ekartzeak guretzat badu nolabaiteko balio sinbolikoa, gainera, antzokiko goiko solairua denontzat ezaguna den arren, espazio berri bat bezala agertuko da, eta horrek izugarrizko xarma du guretzat.

Nola kontaktatzen duzue musikariekin?

Batzuetan guk jotzen dugu artisten agentzietara, eta beste batzuetan beraiek jotzen dute gugana. Ezer berezik ez hemen.

Bestalde, hainbat aretotan egin dituzue saioak, askotarikoak… Nolako aretoak gustatzen zaizkizue? Badakizue, jende askok diskotekekin lotzen duela musika elektronikoa.

Bai, jendeak diskotekekin lotzen du musika elektronikoa, arrazoi handiz gainera, bere inguru naturala hori baita. Diskoteka hitzak estigma ugari ditu zoritxarrez, sarri Club kulturaren alde onak itzalpean uzteraino, eta onak askoz gehiago direla uste dugu. Kultura garaikidearen bilakaeran paper garrantzitsua jokatu dute, eta arriskutsua da hauek marjinazioarekin edota delinkuentziarekin lotzea. Diskotekak utopia bezala jaio ziren; arraza, sexu orientazio eta klase sozialaren gainetik jendea dantzan batera jartzeko, eta orain beste gauza bat bihurtu diren arren, oraindik gure kulturan ekarpen positibo asko egiteko gai direla uste dugu. Guk pertsonalki klub txikiak, ilunak eta soinu onarekin maite ditugu, eta hori erreproduzitzen saiatzen gara gure saioetan.

Uste duzue Euskal Herrian musika elektronikoa ondo ulertzen dela? Bada musika elektronikoaren kultura bat?

Kultura egon badago, musika elektronikoak denbora asko darama gure artean, beste gauza bat da ze sektorek kontsumitzen duten edota nola ikusita dagoen, jende askorentzat ia ikusezin edo marjinal bihurtzeraino. Argi dago, rock kultura askoz handiago bat dagoela, baina hori herrialde gehienetan gertatzen da, baita anglosaxoietan ere. Gure ekarpena hemen xumea da, esan bezala gustatzen zaizkigun artistak gure artera ekartzea nahi dugu, Club kulturaren jabetze eta irakurketa propio baten bidez, ez dugu nahi ordea inongo eszenaren izenean aritzea, are gutxiago jendeari kultura elektronikoan heztea. 

Bilboko Kafe Antzokiko saioa eta gero, beste ezer daukazue aurreikusita?

Bai, gaur arte bezala jarraitzea, ezer handirik aldatu gabe. Musika, iluntasuna eta jendea. Ez dugu askoz gehiago behar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button