IKUS-ENTZUN

FANT, zine fantastikoaren inbasioa Bilbon

Atzo, apirilak 10, aurkeztu zuten Bilboko Udalean aurtengo FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren egitaraua. Jaialdia maiatzaren 3tik 10era bitarte egingo da, eta zortzi film luze lehiatuko dira sekzio ofizialean. Horretaz gainera, Nontzeberrik antolatzen duen Nontzefilmak film laburren lehiaketaren finalisten proiekzioa eta sari banaketa izango da maiatzaren 4an. Jaialdiaren Alondegian dauden Golem aretoetan egingo da.

Film laburrekin jarraituz, sekzio ofizialean 22 lan ikusi ahalko dira, eta Alfred Hitchcock maisua izango da omendua. Fantrobia saria, halaber, Aura Garrido aktoreak jasoko du.

Sekzio ofizialeko film luzeei dagokienez, David Morley zinegile frantsesak Home sweet home film luzea aurkeztuko du. Atal horretan, Gabriel Carrerren In the house of flies lanaren Europako estreinaldia eta Jorge Arenillasen Otro verano ere bilduko dira. Bi zinegileak FANT 19n egongo dira. Lehiaketaren barruan ikusi ahal izango diren beste lanak Antiviral, Maniac, After, The seasoning house eta The king of pigs izango dira.

FANT Laburrean sailak 22 lan hartuko ditu, horietatik hamar euskal zinegileek egindakoak, hala nola, Ander Mendiaren Beerbug; Koldo Almandozen Deus et machina; Jon Mendizabalen La tercera guerra, eta Kepa Sojoren Loco con ballesta. Film horiek jaialdiko epaimahaiaren eta ikusleen bi sariak jasoko dituzte, 3.000 eurokoak. Horrez gain, Epaimahaiak, euskal film labur onenari 2.000 euroko saria emango dio.

Zine klasikoak ere bere tokia izango du jaialdian. Hala, Charles Laughtonen The Night of the Hunter maisulana ikusi ahalko da filmaren 50. urteurrenean, bai eta Hitchcocken The Birds ere. Azpimarratzekoa da Room 237 Rodney Ascherren dokumentala, zeinak Stanley Kubrick zuzendariaren The Shining filma duen ardatz.

FANTek, gainera, 1987an estreinaturiko bi film ere erreskatatuko ditu: oraintsu hil den Bigas Luna zinegile katalanaren Angustia, eta Zelanda Berriko Peter Jacksonen Bad Taste.

Hori guztia, aurtengo FANTek dakarren egitarau oparoaren zati bat baino ez da, programa osoa fantbilbao.net webgunean dago jasota. Goza ezazue!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button