Garbiñe Ubeda (Tolosa, 1967) kazetariak Hobe Isilik (Elkar) izenburuko lehendabiziko nobela plazaratu du. Aurretik, beste bi liburu zituen argitaratuak, Negu Gorriak. Ideia zabaldu tour 95 kronika, eta Mila ezker saiakera, baina honakoa da fikzioan egiten duen estreinako jauzia.
Liburua Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen.
II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Jose Bermejo miliziano anarkistaren istorioa kontatzen du liburuak, bere biloba Bakartxoren ikuspegitik abiatuta. Elkar argitaletxean bidalitako oharrean jasotzen denez, “inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen dizkigu eleberriak”.
Fikziozko lan bada ere, liburuak zantzu biografikoak ditu. Autorearen esanetan, “Jose Bermejorena gure aitona desagertuarentzat imajinatu dudan profila da, haren ezaugarri orokorrak ditu, eta haren ibiliak ez ziren nobelan kontatu ditudanetatik oso urrun geldituko. Nolanahi ere, hainbat pasarte, familiari dagozkionak bereziki, asmatuak dira guztiz; eta asmatuak ez direnak ere terjibertsatuta daude”.
Ubedari egindako elkarrizketa osoa irakurtzeko aukera, hemen.