IKUS-ENTZUN

Animadeba jaialdia, irailaren 6tik 9era

Euskal Herriko animazioaren panoraman ezinbesteko hitzordu bihurtu den Animadeba, Nazioarteko Animaziozko Zinemaldia, irailaren 6tik 9era egingo da Deban. Ekimena, publikoaren, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten topagunea izango da beste urte batez.

Programazioaren barruan haur eta helduentzako animaziozko filmak (film luzeak eta film laburrak) nabarmendu behar ditugu. Horrez gain, Animadeba OFF,  Work In Progress, Case study , Animadeba LAB, aurkezpenak, solasaldiak, tallerrak, ikuskizun eta musika emanaldiak izango dira aurtengo ekitaldian.

Lehiaketa barruan bi sail nabarmentzen dira: Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak UPV-EHU Saila. Munduko 83 herrialdetatik jasotako 1057 film laburretatik 22 lanek hartuko dute parte aipatutako bi sailetan. Aukeratutakoen artean herrialde hauek daude: Euskal Herria, Ingalaterra, Estatu Batuak, Errepublika Txekiarra, Irlanda, India, Italia, Alemania, Portugal, Txina, Israel, Hungaria, Iran eta Suitza.

Bi egunetan (ostiral eta larunbatean) eta saio ezberdinetan proiektatuko dira Sail Nagusian parte hartuko duten Animaziozko film laburrak. Sail horretako lan guztiek aukeratuak izateagatik 500 euroko ordaina jasoko dute.

Beste alde batetik, Animadeban munduko animazio eskola ospetsuenetako ikasleek egindako film laburrak ikusi ahalko dira. Gainera, irailaren 8an, lehiaketatik kanpo beste film labur batzuk ikusi ahal izango dira Panorama sailean, aurten Creepy night (beldurrezko gaua)  deiturikoan. Saio horretan film laburrez gain, musika izango da nagusi Rumbling Lips taldearen eskutik.

Lanik onenak zeintzuk diren aztertzeko Signe Baumane, zine zuzendaria eta aurtengo Animadebako gonbidatu berezia, Ligia Soare, Bukaresteko Animest zinemaldi ospetsuko programatzailea, eta Carmen Cordoba, animazio zuzendaria bilduko dira epaimahairen bueltan.

Beste kontu askoren artean, eta berrikuntza gisan, Animadeba Lab atala sortu dute. Animazioari aplikatutako teknologiei buruzko tailerrak eta hitzaldiak izango dira bertan. Aurten aztertuko den gaia Adimen Artifiziala izango da. Bideo-joko independente bat egiteko moduari buruzko hitzaldi bat ere izango da.

Eta betiko legez, Debako txoko ezberdinak zinemaz eta musikaz beteko dira irailaren 6tik 9ra arte. Egunero, musika emanaldi eta Djak izango dira, esate baterako, irekieran Peru Galbeteren musika emanaldia atondu da, Debako Santa Maria Elizako klaustroan.

Animadebak dauka informazio guztia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button