IKUS-ENTZUN

“Zinetika” jaialdiak zinea eta dantza eramango ditu Donostiara, Bilbora eta Iruñera

Movement & technology izenburupean, Zinetika jaialdiaren laugarren edizioa ondu dute  urriaren 14tik 20ra Donostian, Bilbon eta Iruñean. Begirada  zinematografiko batetik dantzaren, ikus-entzunezko arteen eta teknologiaren zein gorputzaren eta makinaren arteko erlazio askotarikoak esploratzeko topaketa izango da jaialdia. Ekimena El Trastero Creativok eta Dantzaguneak, Iruñeko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kondestablearen Jauregia, BilbaoArte eta Tabakalera entitateekin elkarlanean antolatu dute.

Hala, gai honen inguruan bideodantza, performance, masterclass eta lantegiak uztartuko ditu jaialdiak,  gorputza eta teknologia, biak elkarrekin, sorkuntza prozesuan murgildurik, esperientzia artistiko desberdinen bilaketa proposatuz.

Donostian abiatuko da Zinetika jaialdia, urriaren 14 eta 15ean; 16 eta 17an Bilbora gerturatuko da; eta Iruñean, 18tik 20ra bitartean garatuko da. Hala ere, jaialdiaren aurrerapen gisara, urriaren 12 eta 13an, Mugimenduaren eta Dantza-Bideoaren Laborategia ondu du Dantzaguneak, dantza eta bideoa lantzeko lantegia. Dantzaren eta ikus-entzunezkoen arloko pertsonenei bideratutako ikastaroa, Ibon Taboada  ikus-entzunezko errealizadorearen eta Oihana Varela osteopatia dantzara aplikatua eta Whorkshop mugimendua eta sorkuntza uztartzen dituen adituaren eskutik emango da. Gipuzkoako Dantzagunean izango da lantegia eta aurretik eman beharko da izena.

Eta bestetik, Zinetikalab laborategia antolatu da urriaren 14an, Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Bertan,  Nafarroako Arena Comunicacion ekoiztetxearen eskutik, dantza-bideoak egiteko teknikak garatzeko hastapeneko urratsak ematen ikasiko da. Lantegiaren helburua “esperientzia bizia eta ausarta eskaintzea da, kameraren eta gorputzaren, muntaketaren eta koreografiaren arteko lotura ezagutzeko”.

Argibide guztiak Dantzagunea eta  zinetikafestival.com web atarietan dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button