IKUS-ENTZUN

“Zinemakumeak Gara!” jaialdia, gaurtik aurrera Bilbon

“Zinemakumeak Gara!” jaialdia abiatuko da gaur Bilbon. Emakumeek zuzendutako zinema agerian jarriko du beste behin ere jaialdiak eta hiriko zenbait aretotan antolatutako egitaraua gaurtik, urriaren 17tik, hilaren 28ra bitartean egongo da gozagai.

27.edizioan, orotara, 9 film labur, film ertain bat eta 13 film luze proiektatuko dira, horietatik 9 aurten Malaga, Berlin, Locarno, Cannes, Sundance eta Donostiako zinemaldietatik igaro diren estreinaldiko filmak.

Emakumeek zuzendutako film labur eta luzeen proiekzioez gain, zine politikoaren ziklo bat, tailerrak, mahai inguruak eta euren filma aurkeztera etorriko diren  emakume zuzendariekin topaketak ere antolatu dira, publikoarekin zuzeneko harremanetan.

Aurtengo edizioko omenduak, Helena Taberna eta Cecilia Bartolome izango dira eta bi zinegile hauek  jasoko dute aurten ibilbide zinematografikoaren aitortza: Simone de Beauvoir saria. Gainera, beraien filmografia errebindikatzen duten bi atzera begirako antolatu dira erakusketan, BBK aretoan, BilbaoArten, Golem Alhondiga zinemetan eta Azkuna Zentroan ikusgai  egongo dena egunotan.

Hala, jaialdia, gaur urriaren 17an, arratsaldeko 19:00etan BBK Aretoan egingo den ekitaldian abiatuko da. Bertan Pili Kaltzada kazetariak parte hartuko du eta  Simone de Beauvoir saria emango dio Cecilia Bartolome zinema zuzendari, gidoilari eta ekoizleari. Bere ondoan, gonbidatu gisara izango da Ana Bravo zinemagilea ere.

Eta ondoren, 20:00etan, Alli Haapasalo finlandiar zuzendariaren Tytöt tytöt tytöt (2022) film luzearen proiekzioa egongo da. Film honetan “Mimmi eta Rönkkö munduko lagunik hoberenak dira protagonostak. Irabiatuen denda batean lan egiten dute merkataritza-gune batean, txutxu-mutxuak trukatzen dituzte eta ondo pasatzen dute bezeroei adarra jotzen. Baina Emmaren etorrera haien artean dena aldatzear dago”.

Datorren urriaren 28ra arteko egitarauaren xehetasun guztiak dituzue zinemakumeak.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button