IKUS-ENTZUN

"Nontzefilmak" lehiaketak sei zinegile euskaldun saritu ditu

Zazpi sari banatu zituen Nontzeberri webguneak antolatzen duen Nontzefilmak film laburren lehiaketak joan den larunbatean Bilboko Capitol aretoan egin zen ekitaldian. Sari banaketaz gain, film irabazleak eta onenak proiektatu ziren. Aretoa txiki gelditu zen.

Sariei dagokionez, euskarazko lanik onena Elisabeta film lanak jaso zuen. Iñaki Reyna Mendizabal zuzendariaren lanak harreman zoofilikoa kontatzen du umoretsu.

Zineko lanik onena Bartzelonara joan zen. David Muñozen filmak, Barcelona Venecia, hegazkin konpainien gehiegikeriak salatzen ditu genero fantastikoa eta gag komikoak erabiliz.

Zineko bigarren lana, Javi Alonso gipuzkoarrak irabazi zuen Mozkor Politikoa lanari esker. Filmak Euskal Herriko egoera politikoa jorratzen du irudimentsu.

Hirugarren saria, J. Prida eta T. Prida lehengusu bilbotarrek zuzenduriko El Hombre que olía a Pedo klipak jaso zuen. Izenburuak berak azaltzen duenez, filmak barre algarak eragiten dituen gizon baten istorio xelebrea kontatzen du, alegia, puzker kiratsa darion gizon baten bizitza tristea.

Animazioarek atalean, hiru sariak zinemagile euskaldunentzat izan dira. Hala, lehen saria Korna Films ekoiztetxe gipuzkoarreko Jon Manterolaren Gestación Agraria lanak jaso zuen. Lan honek argiarekin eginiko animazioak paisaia naturalekin uztartzen ditu.

Bigarren saria, berriz, Maria Manerok poltsikoratu zuen La Pérdida del Juicio pelikularekin. Marrazkiekin osaturiko animazio lan honetan, dentistak protagonistari eginiko eragindako trauma kontatzen du.

Azkenik, hirugarren saria Zuriñe Madrid bizkaitarraren animazioak eraman du. Zuriñek izenbururik ez duen animazio esperimentala aurkeztu du Nontzefilmak lehiaketara. Harearekin eginiko animazio honetan mugimendu eta soinua, -zinegileak berak abesten du a capella-, bikain uztartzen dira lan iradokitzailea erdietsiz.

Nontzefilmak

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button