EZLEKUBAT

“Why is so hard to talk?”

(“Cat on a Hot Tin Roof” by Tennessee Williams. Iruñean, Gayarre antzokian 2011-03-27- Teatre Lliure)

Ehun urte bete dira Tennessee Williams jaio zenetik. Igandea da. Euria ari du baina oraindik ez du hotzik egiten. Kalean apenas ez dago jenderik. Daudenek ez dute paseatzen, ez doaz inora, itzuli egiten dira. Jendea bakarrik, bikoteka. Ez dago haurrik. Isiltasuna. Eztula gorrak eta espaloien gaineko takoiak. Besterik ez. Kotxeen argiak are dirdiratsuagoak bilakatzen dira euripean.

Ezer ez da perfektoa, Williamsen antzezlanetan bezala. Igande gauak ez dira ezerren hasiera, ezta ezerren amaiera ere. Tren geltoki abandonatuen antzekoak dira, non inor ez den gelditzen. Nasak hutsik, bankuak hutsik, isiltasuna antzerkitik bueltan. Ezerrek ez du inon ahokatzen, dena airean dago, noraezean.

Bi ordu lehenago, Gayarren, nire jesarlekua topatu berria nuen: berokia altzoan, euritako tolesgarria 2. lerroko 6. butakaren azpian, palkoan. Butaken patioan ez zegoen jende askorik. Igandeetan jendea ez da antzerkira joaten. Joaten direnak antzerkira baino ez dira joaten, gero ez dago afaririk, ondoren koparik ez. Igande gaua da eta euria egiten du. Antzokitk kanpo ez dago ezer ez.

Eskenatokian gizon batek pianoaren ondoan edaten du ikusentzuleek tokia hartzen duten bitartean. Logelan kotoi-uztaren aztarnak sartzen dira. Ohe deseginaren atzean hostorik gabeko zuhaitza erabat biluzik azaltzen da, mehatxaria… baina oraindik ez dago jakiterik nor mehatxatzen duen. Maggie, Katua, agertokira etsituta sartzen da; badaki ez dela erreza izango. Iluntasunean, esaldi bat neonezko argiz marraztuta antzematen da: WHY IS SO HARD TO TALK? Musikak isiltasuna edertzen du, baina dagoeneko isiltasuna mamitsuegia da eta ez dago argi nahikorik izkutatzeko. Pertsonaiek jada taula bete dute, ez dago horietako inorrentzako ihes-biderik. Hitzak, erantzukiak, eridipurdiko egiak hasten direnean, ezer ez da lehen bezala izango.

Nor ausartzen da tentso-geldotasuna apurtzera? Zergatik ez jarraitu funanbulisten antzera, etengabe? Zergatik salto egin amildegira, bestaldean jasoko gaituen inor ez badago? Batzuetan aurrera segitzea, eszena berean, harri bihurtuta gelditzea bezain beldurgarria izan daiteke, zer egin orduan? Zer esan hitzek mintzen dutenean eta isiltasunak erretzen duenean?

Cat on a hot tin roof antzezlanean Maggie ez da oreka ahulean bizi den bakarra. Iragana izeneko pasabide irristakor baten gainean gezurrezko etorkizuna eraiki nahi duen orok ez dago salbu. Eskenatokiaren egurrezko oholtzan Bricken makuluek gure pentsamenduen erritmoa eta logika apurtzen dituzte. Bere burua ukazioaz eraiki duen norbaitek, ez al ditu ingurukoak arerioak bilakatzen? eta gauzak itsusiak jartzen direnean, noren alde jo? THAT’S WHY IS SO HARD TO TALK.

Tennessee Williamsek hurrengo agerraldiak asmatzen ditu eta pertsonai berriez ostazen ditu. Lur jota, etsiak, akituak baina beraien azkenengo indarrak bata bestearengatik tira egiteko prest, tentsioa beraien arteko espazio posible bakarra dela jakiturik. Frustrazioa eta utzikeria gerran. Elkartuz gero, nazka eta atsekabea baino ez dute topatuko… bananduta, desesperazioaren ohiartzuna are ozenagoa egingo da. Autosuntsiketa edo beraien inguruan sortu duten suntsiketaren onarpena. Ez dago irtenbiderik. Antzelanaren orduak luzatuta ere, inoiz ez genuke amaiera borobila topatuko. Ez dago perfezio posiblerik protagonistak gu geu izan gaitezkenean. Williamsek ez ditu bata bestearekin osatzen diren pertsonaiak maite; ezta harremanak, historiak edo estetika simetrikoak. Aurrera segitzea ihes egiteko era bakarra da.

Palkoaren jesarlekua txikia gelditzen zait, anztokian hitzen jarioa itogarria da; kanpoan gaua da eta euria egiten du. Kalean ez gara hobeto egongo.

Testuari gehitutako hitz bakoitzak pertsonaiak ezinbestean higatzen ditu, eskenatokiaren gainean emandako pausu bakoitzak zoko berriak sortzen ditu. Ezer ez da lehen bezala izango, inoiz ez gara nahi genuen bezala izango. Ez dago isiltasuna baino lizunagoa den ezer ez; ez dago isiltasun hori apurtzen duen hitza baino krudelagoa den ezer ez.

Zergatik eskeini digu Tennessee Williamsek horrenbeste mina ekartzen digun testu eder hau? Zergatik egia izan behar du gordintasuna eta sosegurik ezaren arteko biderik laburrena? Zergatik aurkezten digu konpontzeko inolako asmorik ez duen drama? Zergatik 2011. urtean, Iruñean, sentitzen gara horren ezerosoak 1955. urtean New Yorken idatzitako testuarekin topo egiten dugunean? Zer kendu digute, betirako, Maggiek, Brickek, Gooperrek, Maek…? Berreskuratzea merezi al du? Pertsona hobeagoak ginen zer ginen ez genekienean?

Zergatik Tennessee Williamsen antzezlan bat ikusten dugunean kanpoan hotz gehiago egiten duenaren sentzazioa izaten dugu?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button