IKUS-ENTZUN

“Visages villages” eta “Ziren” filmak pantailaratuko ditu Fas zineklubak

Bilboko Fas zineklubak saio bikoitza ondu du gaur, El Carmen aretoan, 19:45ean: batetik, Agnès Varda zinegile frantziarrak 2017an filmatutako Visages villages pantailaratuko dute; eta, bestetik, Aitzol Saratxaga euskal zuzendariak filmatutako Ziren film laburra.

Azken hori KORTeN! zikloaren baitan erakutsiko da, eta Saratxaga bera izango da aretoan bere lana aurkezteko. Ziren lanarekin Bilboko FANT zinemaldi fantastikoan euskarazko lanik onenaren saria jaso zuen maiatzean Saratxagak.

Visages villages filmaren harira, 980 urte betetzear zegoenean egin  zuen filma Agnès Varda zinegileak, izan ere, zinegilea bera eta JR (Jean René) hiriko artista grafikoa eta argazkilaria dira filmaren protagonistak. Bigarrena artista ezaguna da Frantzian: esku-hartze grafiko erraldoiak egin ohi ditu munduko hainbat hirietako kale eta teilatuetan.

Hala, bi protagonistak furgoneta batean sartuko dira, eta lan grafikoak egiten hasiko dira Frantziako nekazal guneetako inguruetan. “Ia 90 urteko gazte bat eta 35 urteko argazkilari bat elkartu egingo dira Frantziako landa-bizitza eta bertako jendea ezagutzeko eta kontatzeko. Giro hori erakusten digutelarik, bizitasuna, berotasuna, euforia eta ongizatea transmitituko dizkigute”, Fas zineklubaren arabera.

Bidaietako koaderno gisa agertzen da filma, batzuetan umoretsu, eta beste batzuetan malenkoniatsu. Ideia sinplea da, baina oso ondo funtzionatzen du, selfie handi bat dirudi. “Abentura hau kontatzeko era soila darabilte, asmo handirik eta hizketaldi luzerik gabe, gizabidea eta kritika soziopolitikoa nahasiz, betiere optimismotik eta alaitasunetik”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button