LITERATURA

Unibertso literarioa baten lagina

Joan den barikuan, Erlea aldizkariaren hamabigarren zenbakia aurkeztu zuten Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bernardo Atxaga idazleak. 2009an abiatu zen aldizkariaren paperezko agurra ere izango da azken emaitza hori. “XXI. mende hasierako euskal sorkuntzaren lagin garrantzitsua da Erlea”, esan zuen Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariko zuzendariak.

Irakurlea hamabigarren zenbakiaren orriotan nabigatzen hasiz gero, bertako gai nagusia Euskaltzaindiaren mendeurrena dela konturatuko da. Euskal akademiaren ehun urteko historian oso garrantzitsuak izan diren gertaerak kontatzen dira bertan, eta garai ilun eta gordinetan euskararen aldeko jardunean senperrenak egin zituztenen biografiak eta testu esanguratsuak bildu dira. “Ehun urtetan protagonista izan direnen profil sakonak, tarte horretan gertatutako edozenbat kontu eta jazoera, argazki ezezagun eta harrigarriak… Badago zer irakurri”, esan zuen Andres Urrutiak.

Horrekin batera, autore ezberdinen ekarpenak bildu dira orriotan: gordetako testu batzuk argitaratu dira (ETAk euskarari buruzkoak, 1962an); argazki berriak erakutsi (Gabriel Arestirenak, esaterako); Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolaren arteko hizketaldi mamitsu bat (Miel A. Elustondok egina); Beatriz Chivite, Hasier Larretxea edo Amaia Iturbideren poemak; Txani Rodriguez eta Garbiñe Ubedaren kontakizunak; liburu iruzkin mamitsuak; Laura Mintegi, Kepa Altonaga, Nora Arbelbide edo Juan Luis Zabalaren testuak; Txema Larreari eginiko gorazarrea…eta abar.

Agurraren inguruan, horrelako lan bat ateratzeko neke eta lan handiaz aritu zen Atxaga, “nekea da arrazoi horietariko bat, hiru aritzen baikara lanean jo eta su”. Baina halarik ere, proiektu berriei ez zien atea erabat itxi: “Aurrerantzean, asmoa litzateke ERLEAren antologia berezi batzuk argitaratzea. Baina gizarteak inplikatu beharko du horretan; antologia horiek ez ditut plazaratuko tartean eskaera jakin eta serio bat ez badago”.

2009an abiatu zen proiektuak agur esango du, baina agian bestelako intsektuak etorriko dira etorkizun hurbilean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button