BERTSOTAN

Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan Aiaraldea nagusi Lezaman eta Aramaio Elosun

Lezaman jokatu zen A.L.E. ligako bigarren saioa. Amurrioko herriko taberna zen topagunea eta pixkanaka pixkana, taberna joan zen jendez betetzen. Lautadakoak sartu ziren tropelka, bonbo, platillo eta trikitixaz, giroa osatuz.
Han partekatu, edan, kantu eta dantza egin zen, "Gainditu nahi gaituzte, baina jai duzue" Lautadako lelopean.
Lautadakoak orlegiz eta Aiaraldeko Altubepekoak beltzez jantzita ekin zioten bertso saioari. Lehenbizi paperean eta bat-batean ondoren.

Arabako kuadrilla arteko txapelketako ALE ligako (Aiaraldea-Lautada-Errioxa) azken saioa Oiongo Azkena txokoan izango da, martxoaren 27an, larunbata, bazkalorduan. Bertan Errioxak etxean jokatuko du Aiaraladeko Altubepekoen kontra. Aiaraldeak irabazten badu, zuzenean sailkatuko da finalerdietara, Errioxak irabaziz gero, enpante hirukoitza izango da eta saio guztien puntuazioaren batuketak erabakiko du finalerdietara sailkatuko den taldearen izena.

Zuia-Gorbeialdea ligari dagokionez, larunbatean, martxoak 6, Elosuko txokoan aukera izan zen Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa honen bigarren saioaz gozatzeko.
Elosuko elizaren goiko aretoan, bapo afaldu (eta edan) ondoren Bertso Sorta Kolektiboen lehiaketarekin hasi zen saioa. Lehiaketa honen oinarria bertso idatziak dira eta taldean kantatzen dira. Talde bakoitzak bere herria du gaia.

Ondoren bat-bateko saioa hasi zen. Aurreko saioaren irabazleak, Aramaiokoak, gorriz jantzita: Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Xabier Igoa eta Iker Agirre. Etxekoak, Elosu-Iturrigorrikoak, berdez: Josu Ormaetxea, Nagore Irazabal, Estitxu Saratxo eta Elyem Chej.
Bi herrietako bertsolariak primeran aritu ziren, eta bertsozaleek txaloka eskertu zuten. Azkenean, Aramaio nagusitu zen eta finalerdietara pasatuko da.
Bertsolarien eskutik bertsozaleok gau alaia eta polita pasa zuten. Ehun lagun inguru elkartu ziren antolatzaileen gozamenerako.

Datorren ostiralean, martxoak 12, Izarrako Frontoia tabernan Izarrako bertso-eskola Elosuko Iturrigorriren kontra arituko da, liga honetako azken saioa izango delarik.
Horrela, txapelketa berri hau aurrera doa poliki poliki, eta Aste Santuko oporrak baino lehen, Aramaio taldearekin batera, finalerdietara pasatuko diren 2 taldeak ezagutuko dira.

Arabako Bertsozale Elkarteak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button