ESZENA

Txistuaren soinuak eta dantzak uztarturik

Bilboko Udal Txistulari Bandaren kontzertuetan fusioak bilatzen dira anitzetan. Bihar bertan, urtarrilak 22, arratsaldeko 19:30ean, eta Bilboko Euskalduna Jauregian dantza ikuskizun batekin osatuko da entzunaldia.

Biharko saioan, Txistulari Banda (Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia) Andoni Aresti Dantza Eskolako ikasle eta irakasleekin, eta Aitor Furundarena akordeoi jotzailearekin arituko da, musika eta dantza ikuskizun bikaina eskaintzeko asmoz. Salzburgoko Balleteko dantzari printzipala izandako Andoni Aresti Landak sortu zuen eskola hori Leioan 2007 urtean, dantza-diziplina ezberdinak irakasteko helburuarekin. Eskolako lan-taldea ibilbide profesional paregabea duten 16 irakaslek osatzen dute, eta bertako eginkizunen barruan urtero gonbidatzen dira nazioarte mailan prestigio handiko profesionalak ikasleen formazioa osatu ahal izateko.

Biharko ikus-entzunezko emanaldia Aitor Furundarenaren Aurtzaka lanarekin hasiko da, eta ondoren Jonh Denverren, Kepa Junkeraren, David Rivasen eta Pepe Iantziren lanak eta moldaketak haizatuko dira.

Bilboko Udal Txistulari Bandak zazpi disko eta DVD bat kaleratu ditu: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralarekin; Plazan (2014); Xabier Zabalarekin Gogoeta, eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button