IKUS-ENTZUN

Oinarriak sendotzera dator Lekeitioko Euskal Zine Bileraren aurtengo edizioa

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 42. edizioa ospatuko du aurten eta bihar bertan emango dio hasiera azaroaren 30era arte iraungo duen jaialdiaren egitarauari. Euskara eta zinema batzen ditu jaialdiak eta Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen atal ezberdinak bilduko ditu berriz ere, zinemako profesional eta zaleak biltzeko topagune bilakatuz.

Aurreko edizioetako berrikuntzei jarraipena emango zaie aurten ere, eta bere zutabeak sendotzen jarraituko du egitasmoak. Izan ere, proiektatuko diren ikus-entzunezkoez gain, 40 + 1. edizioan sortutako Branka, Ganbara eta Zerumuga atalak indartu nahi dituzte antolatzaileek. Horretarako, ikus-entzunezko lanen iragana, orainaldia eta etorkizuna lotuko dituzten espazioak finkatuko dituzte aurten.

Era berean, 42. jaialdiak euskal ikus-entzunezkoaren arlo profesional eta ez-profesionalak landuko ditu, horretarako hainbat jarduera paralelo antolatu dituzte: sektorearekin harremanak lantzeko hitzaldiak edota lantegiak, herriko ondarea osatzen duten irudiak berpizteko ekimenak, ikas komunitateen baitan antolatutako animazio lantegiak, edota omendutako figura eta ekimenei eskainitako atzera begirakoak. Eta ez da faltako ere,  jada historikoa den ikus-entzunezko lanen lehiaketa.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera euskarazko zinemaren presentzia indartzeko helburua duen jaialdia da eta antolatzaileek azaldu dutenez, “egin diren, egiten ari diren eta egingo diren euskarazko filmak ikusteko eta eztabaidarako bilgunea da”.

Ikus-entzunezkoen lehiaketak hezurmamitzen du Lekeitioko ikus-entzunezkoen jaialdia, lehen urratsak lehiaketarekin eman baitzituen, eta urteen bitartez jaso du egun duen garrantzia. Gainera,  Euskal Herrian eta euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleiho da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituena. Aurtengo edizioan 20 izan dira lehian egongo diren  film aukeratuak, horien artean, Damaris Pan-Inuizioak eta inpultsioak, Eukeni Arriortuaren lana;  Iñigo Kintanak sortutako Tempus Fugit; Koldo Agirre Gabarainen Estropanak; Iñaki Rifaterrak egindako Hvalea; Josu Martinezen Anti; Nora Alberdi Odriozolaren Kuraiosa; Mikele Landak egindako Heldu; Iñaki Uriarteren 1-10 Mikel Laboa omenaldia. Abstrakzio laburra, izango dira, besteak beste.

Askotariko atalak eta arloak landuko dituzte auren ere jaialdiaren ekimen paraleloekin. Badago, Benito Ansola Saria, non gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bidea zabaldu asmoz sortutako biurteko saria. Aurten hiru lan izango dira lehian eta irabazleak, datorren urteko  edizioan aurkeztuko da.

Profesionalei zuzendutako (H)Emen Gaude da beste atal nagusia. Aurtengoan, III. Topaketak izango dira eta  Ikus entzunezkoetako emakume musikagileak: olatu berria  izenburupean, mahai ingurua antolatu da. Bertan bilduko dira Haizea Huegun, Alicia Morote eta Paula Olaz,  Lara Izagirre zinegile Zornotzarrak gidatuta.

Arnasa Gara, euskararen arnasguneak indartzeko sortu duen atala;  Atzo8, Benito Ansola eta Jose Luis de la Torreren omenaldia egingo duen saioa, eta era berean, Juanmi Gutierrez errenteriarra omenduko duen Begirada atala; Zoom ikasleentzako saioa edota Kameratoia saila, euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally-a dira bestelako jarduerak eta ekimenak landuko dituzten sailak.  Beraz, askotariko saio eta atalak bihartik aurrera gauzatuko direnak.

Hala, bihar egingo dute Euskal Zine Bileraren 2019ko edizioaren aurkezpena, 19:00etan, Ikusgarri aretoan eta  Ana Goitia eta Aitor Abaroak bertan emango dituzte aurtengo egitarauaren zehaztasun guztiak.

Egunez eguneko egitarau osoa duzue zinebilera.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button