IKUS-ENTZUN

Klasiko zaharrak zein modernoak ikusgai

Bihar hasita eta irailera bitartean Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak ondu duten Klasikoak programa abiatuko da. Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohitzunen 50 film eta 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dira, klasiko zaharrak zein modernoak.

Garai guztietako zinema sustatzeko eta harekiko pasioa erakusteko hiru modu bilduko ditu ekimenak: dozena bat filmeko zikloa, zinemaren historiari buruzko hamaika begirada jasotzen dituena (apiriletik ekainera bitartean Euskadiko Filmategiaren programazioan); eta Donostia Zinemaldian zehar garatuko diren bi proposamen: denboraldiko zaharberritze eta berreskuratze-lan garrantzitsuen hautaketa propioa, eta atzera begirako zabal bat, aurten Italiako polizia-zinemari eskainiko zaiona, Italia biolentoa izenburupean.

Bihar, apirilak 5, Tabakaleran zikloa abiaraziko duen filma Modern Times  izango da. Chaplinen azken film mutua, haren lan onenetako bat, zaharberritu da. Bolognako Cinetecan zaharberritu dute, eta aipagarria da jatorrizko soinu-banda ere berreskuratu dutela; horri esker, Chaplin bikainak asmatu zuen bezala ikus dezakegu filma.

Ikusgai izango dira, halaber, Peeping Tom (Michael Powell, 1960); Cross of Iron (Sam Peckinpah, 1977) eta The Apartment (Billy Wilder, 1960).
Proposamen berrien artean Les ordres (Michel Brault, 1974) dago, Quebeceko Zinematekak berriki zaharberritu duen filma.
Suitzako Zinematekak L’inconnu de Shandigor (Jean-Louis Roy, 1967) aurkeztuko du, eta Lumière Institutuak, bestalde, Adieu, Chérie (Raymond Bernard, 1946) ekarriko du.
Euskadiko Filmategiak Classe tous risques (Claude Sautet, 1960) berreskuratuko du.

Eta Klasikoak zikloan emango dira, orobat, Koibumi (Kinuyo Tanaka, 1953), 1954an Cannesen lehiatu zena; Sur (Fernando E. Solanas, 1988); eta Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1976) filmak.

Eta esan dugun moduan, irailean, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren barruan, Istituto Italiano di Culturarekin lankidetzan, Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra zikloa ikusi ahal izango da.

Xehetasun guztiak Euskadiko Filmategiak dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button