LITERATURA

“Ihes baten lausoa”, Hasier Larretxearren azken lana

Hasier Larretxeak Ihes baten lausoa (Balea Zuria) poema-liburua argitaratu du. Lan horrekin Hasier Larretxeak horren ongi ezagutzen duen geografia literarioan murgiltzen gaitu beste behin ere. Geografia horren inguruko oroimen ariketa bat da liburua. Poeta iraganari aurrez aurre begira jartzen da, iragan horren lorratzak bilatzen ditu basoan. “Hitza/ harresien haustura/berri bat baino ez da/esanahiek lurra baino lehenagoko/haizeari heltzen asmatzen badute./Bizitza/bide ertzei eusten jakitea da”.
Mina eta poza batera doaz bidean, isilago batzuetan, ageriago besteetan. Argi-izpiek beti zeharkatzen dituzte esku ahurretako marra guztiak. Marra horietako bakoitza bide bat da, harri tanta bat, galdera bat, enborraren biribil bakoitza.

Hasier Larretxea Nafarroako Baztan bailarako Arraioz herrian jaio zen 1982an. Urteak dira Madrilen bizi dela, eta euskaraz eta gazteleraz argitaratu izan ditu liburuak. Euskaraz dira Bazaudete? (2004, Metaziri), Azken bala (2007, Point de Lunettes, edizio elebiduna), Atakak (2011, Alberdania) eta Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira (Pamiela, 2018) poema-liburuak, eta Larremotzetik (Erein, 2014) autobiografia poetikoa.

Bestalde, kolaborazioak ere egin ditu hainbat artistekin: Clemente Bernard, Zuri Negrín, Leo Minax… Literatura euskal herri-kirolen (aizkora, harria, zerra), landa-bizitzaren (intxaurrak, zintzarria) eta elektronikaren soinuekin uztartzen dituen irakurketak egiten ditu, bere aita Patxirekin (ibilbide luzeko herri kirolaria eta herri kirol talde bateko zuzendaria), ama Rosariorekin eta senarra Zurirekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button