Bilboko Udalak egile gazteek egindako film laburren saio bat antolatu du Bilborocken, irailaren 25ean. Zazpi film labur emango dira, eta gero, mahai-inguruan berba egingo da ikusitakoaz.
Biharko saio horretara zuzendariak bertaratuko dira, eta modu horretan lan horiei buruz hausnartu eta eztabaidatzeko beta hartuko da. Antolatzaileek ekimenaren gaineko datu gehiago eman dituzte: “Zuzendari berrien lanak bildu dira ekimen honetan. Ikasleak eta duela gutxi lan mundura iritsi diren gazteak dira; hala ere, kalitate handiko proiektu independenteak aurkeztu dituzte. Ekimen hau aukera ezin hobea da Bilboko eta inguruetako gazteek ikus-entzunezkoen arloan duten gaitasun itzela erakusteko”.
Pantailaratuko diren filmak honakoak dira: Heridas Invisibles, Jon Irizar Merinorena (Bilbo, 1997); Haizea, Jon Mikel Gutiérrez egilearena (Bilbo, 1996); Night Car, Ibon Calleja Ortizena (Bilbo, 1997); ¡Voy Madrid!, Iñigo Larreina Arbiderena (Arrigorriaga, 1995); Mortualia, Iraide Larrazabal Herrerorena (Portugalete,1996); Bienvenida, Ager Mendietarena (Laudio, 1995); eta Arbitran, Irene Herrero del Vallerena (Bilbo, 1995).
Bilboko Udalaren Ideiak Martxan programaren barruan kokatzen da ekimena eta horren bidez, gazteentzako aisia-eskaintza dinamizatzen duten ideiak eta proposamenak garatu nahi dira. Ideiak Martxan programan parte hartu nahi dutenek urteko edozein unetan bidal ditzakete euren proposamenak.
Hemen topatuko duzue informazio gehigarria.