MUSIKA

Skakeitan taldeak bere laugarrenaren aurrerapen singlea kaleratu du, “Ezpainetan Odola”

Hiru urte lanik kaleratu gabe egon ondoren, Skakeitan taldeak bere laugarren LP-aren aurrerapen lana kaleratu berri du, Ezpainetan Odola kantuaz osatutako singlea.

Bere laugarren lana izango denaren aurrerapen singlea,  pasa den urriaren 11an aurkeztu du talde donostiarrak. Usurbilen grabatu dute Haritz Harreguy teknikariarekin eta Bartzelonako Blind Records estudioko Santos Berrocal teknikariarekin, azken hau, Love of Lesbian, Mucho edo Sidonie bezalako artistekin lan egin duena, beste batzuen artean.

Aurrerapen kantu hau dekadentziaren babesgabetasuna aldarrikatzera dator, “auto-maitasunari abestuz, dena erortzen ari den testuinguru batean”.  Taldeak gaineratu duenez, “egituratzen gaituen oinarria aldatu gabe zoriontasunera iristeko ezintasuna azaldu nahi du gitarra fuzzero, bateria indartsu eta koltxoi sintetikoen bitartez. Nostalgia sinfoniko puntu bat duen ereserki gordin bat”

2010.urtean Usurbilgo Higain Estudioetan, Ahots gabekoen ahotsa (2012) lehen lana grabatu eta kaleratu zuen talde donostiarrak, beren izaera definitzen hasiko zen lana. Gerora, bai etxean eta baita nazioartean, ezagunak egin dira beste hainbat talde ospetsurekin emandako zuzenekoengatik, esaterako, Manu Chaorekin 40.000 pertsonen aurrean emandako kontzertua. 2014 urte amaieran iritsi zen, ordea, Skakeitan taldeak jasandako eboluzioaren fruitu izan den Orekariak (2014) lana, hau ere Usurbilgo Higain Estudioetan sortua Haritz Harreguyren gidaritzapean. Proiektu honen babes ekonomikoa ahalbidetzeko, gainera, crowdfunding edo finantzaketa kolektibo baten aldeko apustua egin zuten, erantzun oso ona lortuz.

Handik aurrera, asko izan dira taldeak zapaldu dituen oholtzak. Adibidez, 2015. urtean Benicassimen (Valentzia) egiten den Rototom Sunsplash jaialdian izan ziren, Europako reggae jaialdi garrantzitsuenean, hain zuzen ere. Bad Manners taldearekin batera zenbait kontzertu egin dituzte, Euskal Herrian zein estatuan. Japonian ere ibiliak dira eta 2015ean Japan Tour izeneko biran, Tokioko hainbat aretotan zuzenekoak eman zituzten. 2016. urtearen hasieran Suitzan ere izan ziren eta zuzeneko emanaldi batzuk eskaini ere Berna, Luzerna eta Bremgartenen, besteak beste. 2016. urte amaieran disko berria etorri zen, hirugarrena, Galera (2016) izenburupean.

Eta orain, buru belarri ari dira laugarren lana prestatzen. Taldeak iragarri duenez, urte amaieran ikusiko du argia bere lan berriak, Nola galdu denbora izenburupean, Mauka Musikagintza diskoetxearen eskutik. Skakeitan osatzen dute Pello Armendariz (ahotsa),Borja Anton (gitarra), Asier Iriondo (baxua eta koroak), Olatz Salvador (teklatuak eta koroak), Julen Idigoras (bateria), Aitor Valcarlos (tronboia), Gorka Valcarlos ( tronpeta) eta  Ander Zabala  (tronboia eta koroak)  musikariek.

Informazio gehiagorako, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu