LITERATURA

Sinplistak eta bizkotxoak txokolatearekin

Gernikan musikaren inguruan egiten da Kafea eta Galletak saio bizia. Horren pareko baina izen gozoago batekin,Txokolatea eta Bizkotxoak, Ane Zabala, Fernando Perez eta Goizalde Landabasok antzeko ekimena antolatu dute.

“Erakutsi nahi genuela kulturak izan dezakeelako espazioa kulturgune ohikoetatik kanpo, izan dezakeela tokirik zero aurrekontuarekin. Eta batez ere berreskuratu gura genuen sortzailearekin hurbil-hurbilean egoteko aukera. Bilbon aspaldi ez direlako horrelako gauzak egiten. Badaude egitarau ofizialak eta ofiziosoak, baina bide batzuetatik kanpo ez dago ezebez. Eta horixe da sortzearen arrazoietako bat” esan zigun Goizalde Landabasok.

Joan den hilean, urtarrilak 15, Harkaitz Cano izan zen Bilboko Barrenkale kaleko Modesto tabernan, Memoriaren musika saioa egiten, hots, bere bizitzan musika eta kantu zenbaiten eraginaz mintzatzen.

Gaur berton, otsailak 5, Hedoi Etxartek Sinplistak eta kantu bi izeneko saioa egingo du toki berean, eta bere azken poemarioaren gainean mintzatuko da.

Horrela segitzeko asmoa du ekimenak. Hileko, astearte batean, 19.30ean, kultura adar eta diziplina guztietara zabaldu nahi dute hitzordua: literatura, musika, zinema, antzerkia, margolaritza, dantza… denetarik.

Blog bat ere badaukate eta hortxe topatuko duzue informazio guztia, eta gaurko saioan, agian irakurriko diren poemetako batzuk ere bai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button