MUSIKA

Sacco taldeak hiru kontzertu egingo ditu Galizian

Irungo Sacco bandak Galizian izango da egunotan, hiru kontzertu egiteko: bihar, Ourensen; etzi, A Coruñan eta etzidamu Pontevedra hirian. Lehenengo bi kontzertuetan Lluvia de Ciervos taldearekin joko dute.

Gipuzkoarrek iazko Durangoko Azokan aurkeztu zuten lehenengo lana, binilozko LPa, Bidehuts kolektiboaren laguntzaz. Azken orduan iritsi zen lana, eta apur bat oharkabe igaro bada ere, proposamen interesgarria da Sacco.

Lisabö herrikideekin lotura zuzena duen taldea da Sacco, izan ere, Xabi Zabala (ahots eta baxua) Lisabön aritu da, eta Ander Zabalegi (bateria) Lisabokö Iban Zabalegi bateria-jotzailearen anaia da. Hirukotea, Borja Toval gitarra-jotzailearekin osatzen da.

“Gure kasuan onartu behar dugu Fugazi eta Shellac-en gerizpean goxo egon garela beti. Gure gustuetara begiratuz, hiruron artean aukera zabala egingo genuke. Apalategiko diskoei begiratzea besterik ez dago. Baina gure kasuan, elkartzen garenean ateratzen zaiguna, edo bestela esanda, elkarrekin egiten dakiguna post-hardcoretik hurbilago dago folketik baino”, azaldu zuen Xabi taldekideak oraintsu egin genion elkarrizketan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button