EZLEKUBAT

Izaskun Alvarez: “Nire lana barne borroka baten isla da”

Izaskun Alvarez Gainza (Donostia, 1982), Leioako Arte Ederreko Fakultateko litografia irakaslea da. Oraintsu erakusketa izan du ikusgai Bilboko La Taller espazioan. Bertan, Arteleku, Bilbaoarte eta La Taller espazioetan egindako proposamen grafikoak erakutsi ditu. Egile donostiarrak Bilbaoarte Fundazioaren beka baten laguntza izan du joan den urtean, eta orain argia ikusi duen erakusketa, grafikaren parametroetan kokaturiko ikerketa prozesu baten fruitua da. Alavarezekin mintzatu da Nontzeberri.

Zure lanen aurrean, konpultsiozko irudiak sortu dituzuela begitantzen zaigu, baina, era berean, sinpleak direla ematen du.
Bai. Nolabaiat sinpletasun eta konplexutasuna lanean dago. Alde bat bestea bultzatzen duelako era berean. Hau da: barne borroka baten isla.

Teknika berezia al da zuk erabiltzen duzuna?
Teknikak ez dira gauza konplexuak, bereziki ez dudalako nahi konplexutasun teknikoek alde kontzeptualari itzalik egitea.

Grafikaren esparruan mugitzen zara azken aldian, ezta?
Bai, momentu honetan teknika honetaz maitemindu egin naiz (grabatua). Hor barnean gero teknika guztiak gustatu eta interesatzen zaizkit..

Grafika honek beste arlo batzuetara eraman zaitu? Hau da, ikerketa prozesu etenbakoan zaude murgilduta?
Egia esan, oraindik murgilduegia nago jakiteko nora noan… Momentuz teknikaren aldetik asko disfrutatzen nago.

Kolore gutxi erabiltzen dituzula esan daiteke. Monokromatismoaren energia erabiltzen duzu?
Bai, ez bakarrik nire lanean, nire bizi pertsonalean ere. Kolore konkretu batzuk bakarrik erabiltzen ditut eta ez dut batere gustuko kolore asko nahastea. Normalean monokromatismo horren indarra eta ideia interesatzen zait erabiltzea, bai hala da.

Zure irudietan hainbat hizkuntzaren zertzeladak irakur daitezke (euskara, frantsesa,…) Ze harreman sortu nahi duzu hizkuntzaren bidez?
Hizkuntzaren erabilera gehien bat autobiografikoa da. Ipar Euskal Herrian bizi izan naiz nire haurtzaroan eta hitz edo esaldi askok frantsesez edo euskaraz daukete zentzua.

Inoiz esan duzu espazioarekin elkarrekintzan ari zarela. Zer esan nahi duzu?
Nire lanean eta nire bizi pertsonalean ikusten dudan kontzeptu bat da. Hau da: Espazio eta objektuak, pertsonak, ekintzak, eta abar, unitate bezela ulertzea interesatzen zaizkit.

Donostiarra, baina Leioako Unibertsitatean irakaslea. Nola eraman zaitu arteak esparru akademikora?
Arte hezkuntza oso garrantzitsua da niretzat, ez bakarrik unibertsitatean baizik eta beste esparru batzuetan ere. Jabetze eskoletan ikastaroak eman ditut eta arte-hezkuntza benetan garrantzitsua delakoan nago, horregatik irakastea oso gustuko dut (har-eman prozesu bat bezala ulertzen dut).

Zeintzuk dira hemendik aurrerako proiektuak?
Momentu honetan proiektu garrantzitsuena tesia da, eta bizi pertsonalean dena ongi egotea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button