ARTEA

“Renoir: intimitatea”, Bilboko Arte Ederren Museoan

Pierre-Auguste Renoir (Limoges, 1841-Cagnes-sur-Mer, 1919) margolari inpresionista frantziarraren 60 lan biltzen dituen Renoir: intimitatea erakusketak gaur inauguratuko da  Bilboko Arte Ederren Museoan. Erakusketa maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik.

Erakusketa Renoir inpresionistaren obrak erakusten dituen bi ezaugarriren inguruan ardazten da: batetik, pinturaren ukimen-balioen garrantzia, eta bestetik, erretratuen bidez bilatzen duen enpatia, hala modeloarekiko nola ikuslearekiko.

Bilboko Arte Ederren arabera, “erakusketari esker, deskubritu ahal izango dugu nola baliatzen dituen pintoreak bolumen, materia edo ehunduraren ukimenezko iradokizunak, intimitateko eszenak (ez soilik erotikoak, baizik eta sozialak, lagunartekoak eta familiartekoak ere) birsortzeko. Bestalde, agerian utziko du atmosfera bitxi horrek eta haren pintzelkaden sentsualitate finak nola lortzen duten ikusleen eta obraren arteko konexioa ezartzea”.

Erakusketaren ibilbidea honela antolatu dute: Sarrera: intimitatea, 1864 eta 1872 urteen bitartean egindako emakumeen lau erretraturekin osatua; Impresionismoa, 1870eko hamarkadan egindako lanak dira, inpresionistenak; Enkarguko erretratuak, pintorearen potret garrantzitsuenak biltzen ditu; Ipar eta hego aldeko paisaiak, gizakiak pintatzen dituen Renoirrek gehienbat, eta paisaiak esperimentatzeko esparru gisa hartu zituen; Familia eta bere ingurua, 1885ean, Pierre semea jaio zenetik, familia-gaiak eta eszena domestikoak jorratu zituen; eta, azkenik, Bainulariak, Renoirrek emakumeen gorputz biluziekiko zuen interesaren isla, honetan, gorputz txikiko eta buru handiko bainulariak dira.

Informazio gehiago: museobilbao.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button