ESZENA

Aurtengo “Dantzaldia” jaialdiaren azken egunak

Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXI. edizioa laster bukatuko da, eta jaialdiak hainbat hitzordu programatu ditu bere azken egunetarako. Hala, abenduaren 10ean, Azkuna Zentroko Auditorioan hip hop eta dantza garaikidearen arteko nahasketa bat izango da; La Fundicion aretoak Elena Cordobaren El nacimiento de la bailarina vieja ikuskizuna aurkeztuko du abenduaren 12an eta 13an; eta abenduaren 18an jaialdiari amaiera emango zaio Ensanche Eraikinean, lau piezarekin.

Diogun bezala, bihar, Azkuna Zentroko Auditorioan Euskadi mailako estreinaldi bat izango da: W.A.M. We Are Monchichi. Frantziako Wang-Ramírez konpainiaren lana da, eta bi urte daramatza munduan zehar bira egiten, arrakasta handiarekin. Hip hopa eta dantza garaikidea uztartzen ditu eta nortasunari buruzko alegia alaia eta bizia da obra hori.

Abenduaren 12an eta 13an, La Fundicion aretoan, El nacimiento de la bailarina vieja aurkeztuko du Elena Cordoba artistak. Tituluak dioen moduan gorputzaren zahartze-prozesuari buruzko ikerketa-lan baten aurrean gaude, “zahar jaio den dantzari bat da, eta inoiz egin ezingo dituen ariketetarako entrenatuko dena”.

Dantzaldia jaialdiaren edizio honi amaiera emateko, familiei bereziki zuzendutako eskaintza ere izango da, eta abenduaren 18an, Bilboko Ensanche Eraikinean, Estatuko lau konpainiak egindako beste horrenbeste pieza labur izango dira ikusgai. Denetik izango da: disko musika, Edith Piafen klasikoak, Daft Punken erritmora mugitzen diren hipopotamo dantzariak edota M.I.Aren abestiak dantzatzen dituzten emakume ahaldunduak.

Ikuskizun guztietan zorrotz beteko dira osasun-neurriak (edukiera mugatua, gel hidroalkoholikoa, musukoaren derrigorrezko erabilera…).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button