ESZENA

Torturaren aurkako alegatua

Alfonso Sastreren torturari buruz inoiz irakurri gabeko irakurketa dramatizatua egingo da EHUko Giza Eskubideen Masterraren baitan. Horretarako ezinbesteko bi hitzordu ezarri dira: otsailaren 13an, Bilbon, eta otsailaren 20an, Hondarribian.

Olatz Beobide gipuzkoar aktore eta sortzaileak zuzendutako irakurketa da. Dorleta Urretabizkaia, Asier Hernandez eta Klara Badiola Bizkaia Aretoaren eta Hondarribiako Antzokiaren taulen gainean izango dira, Manu Gaigne eta Ander Merinoren ekarpen audiobisualarekin.

Hondarribian bizi den idazle, antzerkigile, gidoilari eta saiakera-egile madrildarraren Zutoin beltza (La columna infame) (1986) antzezlanetik abiatzen da ekimena. Fito Rodriguez eta Izaskun Arandiaren ekoizpenari esker irakurketa dramatizatu gisa estreinakoz entzuteko aukera egongo da.

Gaur egun ere munduaren zati handi batean zeresana ematen duen tortura gertakari bat salatzeaz gain, egileak bere testuak garatzeko erabili dituen zuhurtzia, argitasuna eta umorea obraren zuzendariarentzat akuilu apartekoa izan dira.

Pieza euskaraz eta gaztelaniaz antzeztuko da. Larunbat honetan, otsailaren 13an hain zuzen, Bilboko Bizkaia Aretoan estreinatuko da, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen Masterraren ekitaldien barruan, alegia. Otsailaren 20an irakurketa Hondarribiko Udal Antzokira eramango da, kasu honetan 17:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskaraz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button