MUSIKA

Niño de Elche, Bengalifere Trio eta Anari, Urretxuko Kalegorrian jaialdian

Kalegorrian jaialdiaren edizio berri bat egingo da ekainean Urretxuko Santa Barbara auzoan, ekainaren 12an, 18an eta 25ean. Ekainaren 12an, hain justu, Niño de Elche arituko da. Flamenko artistarekin batera, Bengalifere Triok joko du.

Antolatzaileen arabera, Bengalifere Trio Beñat Achiary musikariaren seme Julen bateria-jotzailearen proiektua da. “(…) Inspirazio tribalezko jazz izpirituala, hipnotikoa, askea, dotore eta benetan hunkigarria jorratzen du”.­

Niño de Elche jatorriz flamenko kantaria bada ere, bere jarduna bestelako joera garaikideetara zabaldu da. Hala, kantaria baino performer-a dela esan daiteke, abesteaz gainera, esperimentazioaren eta performancearen esparruan ere aritzen baita; esaterako, Belen Maya flamenko dantzariarekin batera, umorea, antzerkia eta flamenko nahasten dituen Ya! ikuskizuna abiatu du. Horrekin batera, El Niño de Elchek interes handia erakutsi du queer teoriekiko. Musikari dagokionez, iaz, Voces del extremo diskoa argitaratu zuen, Pony Bravoko musikariekin grabatua, besteak beste. Grabazioak sekulako kritikak jaso ditu, eta iazko disko onenen zerrenda askotan agertu da, goiko postuetan, gainera.

Jaialdiaren bigarren egunean, ekainaren 18an, Peru eta Isuo Sasiiarekin musika tailerra izango dute, bai eta TxikiART umeentzako ekimena. Horiekin batera, Zumaiako Big Boy taldea izango da. Banda gipuzkoarrak gitarra errepikakorrak eta haize instrumentuek nahasten ditu modu berezian, euskaraz abesturiko letra surrealistak ahaztu gabe. Zuzenekoetan, gainera, bideo irudiak ere erakusten dituzte. Ikus-entzunezkoen harira, iaz, taldeari buruzko dokumentala ere grabatu zuten. “Musika, zirkoa, ekialdeko txaranga, letra majaderoak, dibertimendua, kantatu eta dantzatzeko gogoa…”.

Azkenik, ekainaren 25ean, Fits eta Anari taldeak arituko dira. Kontzertuen ostean, gainera, Dj Beirut eta Dj Urçelao izango dira giroa berotzen. “Entzun eta dantzatu; ikusi, ikasi eta hazi! Gozatu eta hegan egin dezagun Irimopean lagunok!”.

Antolatzaileek crowdfunding kanpaian ere abiatu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button