LITERATURA

Egiazkoaren eta irrealaren arteko mugak

Fertxu Izquierdo idazleak … eta gauetik, euria (Pamiela) izeneko lana plazaratu du. Kontu asko biltzen dira lan horretan: “Inaxiok ez daki noiz eta zergatik bururatu zitzaion Jonnhy Weissmüllerren Tarzan The Clash taldearekin konektatzeko ideia bitxia. Bestelako kezkak eta galderak ere sortuko zaizkio, adibidez: nor zen Joakina Balentziaga? Zergatik utzi zion idazteari? Amaia eta Davidekin elkartu, sofatik zutitu eta, ukabila altxatzen, The Poguesen ereserki baten erritmoan zapatisten altxamendua ospatuko dute, patronalari, sindikalista ustelei eta poliziei aurre egin bitartean. Existitzen ez diren hirietan bizi diren emakumeak, auzoko karrikak kartografiatzen dituen txatarra-biltzailea, harri-jasotzaile intsumisoa, liburu-dendako erakusmahaia defendatzen duen liburu-saltzailea, gerra guztietatik (baina ez borroka guztietatik) ihes egiten duten etorkinak, edota jaguar bihurtzen den kakalardoa. Zerbaitek konektatzen ditu irrati libreak entzuten dituzten pertsonaia hauek guztiak, oraindik existitzen ez diren fanzineak idazten dituztenak, piketeak defendatzen dituztenak, zapatisten matxinadaren ondorioz mexikartzen ari direnak, kalezulo ezkutuetan desagertzen direnak, eta gauetik, euria noiz iristeko zain daudenak.”

Argitaletxeak adierazi du, konexio unibertsal ugari dituen garai baten testigantza osatu duela idazleak, “errealista bezain surrealista, egiazkoaren eta irrealaren arteko mugak artezki hautsiz eta gaindituz”.

Fertxu Izquierdo fanzineak, poesia, nobela eta album ilustratuak egin ditu. Poesian Bilboko Blas de Otero Nazioarteko I. Poesia Lehiaketa eskuratu zuen, eta bereak dira Gerratearen aztarnak, Telebista-antenetan atsedena hartzen dute txoriek, Berografiak, Mendeko borroka, edota Basurde zurien zain lanak. Ordu txikitan album ilustratua ere egina du Irantzu Piquero marrazkilariarekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button