LITERATURA

Ander Berrojalbizek eta Joseba Sarrionandiak “Herejeen alaba” kaleratu dute

Pamiela argitaletxearekin ikusi du argia Ander Berrojalbizek eta Joseba Sarrionandiak idatziriko Herejeen alaba (Pamiela) liburua. Atzo Ander Berrojalbiz, Ane Rodriguez, Oier Etxeberria eta Jose Angel Irigarayk aurkeztu zuten Donostiako Tabakaleran.

Lanean korapilo hau garatu nahi izan dute bi idazlek: “Fraile bat Orreagatik Durangorantz abiatzen da. Hara helduta, biharamunean hamabi hereje erreko dituztela jakingo du, haien artean haur bat, herejeen alaba”. Hau da Kristalezko bihotza narrazioaren abiapuntua, liburua zabaltzen duena.

Pamielak datu gehiago eman ditu lanaren nondik norakoaz: “Joseba Sarrionandiak literatura arturiko eta mediebalean murgilduta bizi izan zuen kartzelako denbora hutsean izkiriatutako narrazio hura iturri historikoetan gordetako errealitatea fikzioarekin uztartzen duten horietakoa da. Hala ere, proiektu honen eragile izan diren aurkikuntzek agerian utzi dutenez, kasu honetan, errealitatea eta fikzioaren arteko erlazioa zeharo korapilatsua da, historia eta istorioaren hainbat geruzatan azaltzen dena. Horrela, Ander Berrojalbiz ikerlariari zor diogun Kristalezko bihotzak idatzian, zenbait elizgizonen irudimenaren eskutik, XII. mendeko Koloniatik XX. mendeko Durangora garamatzan istorio baten arrastoak jarraituko ditugu. Azkenik, eranskinetan, Durangaldean egondako heresia ezberdinen berri ematen duten hiru testu eskaintzen dira, Joseba Sarrionandiak 1979an idatzitako Durangaldeko herejeak eta Artekaleko Manzaneroa barne”.

Honekin lotuta, azaroaren 26an, 18:00etan, Donostiako Tabakaleran, eta 29an, 19:00tan, Durangoko Kurutzesantu Museoan, Ander Lipus (Irakurketak), Maider Lopez (biola) eta Ander Berrojalbiz (arrabita eta solasaldia) hirukoteak Herejeen alaba liburuaren irakurketa musikatua egingo du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button