LITERATURA

“Miñan” Ibrahima Balde ginearraren bizipenen liburua aurkeztuko da Azpeitian

‘Miñan’, migranteak eta euskaldunak (Susa, 2019) Amets Arzallusek idatzitako liburuaren  aurkezpena eta solasaldia egingo da bihar, abenduaren 18an, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean. Bertan izango dira, Ibrahima Balde liburuko protagonista Amets Arzallus idazlearekin batera.

Arzallusek berriki kaleratu duen lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Izan ere, duela urtebete Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar,  Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei  tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Elkarrizketa horretan sortutako harremanaren emaitza da beraz Arzallusen eleberria.

Anaia desagertuaren atzetik hartu zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Hala, bidaia horren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.

Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.

“Mediterraneoa zeharkatzen dutenek deshumanizatzea ezinbestekoa dute,  beraien  heriotzen, kanporatzeen edota  ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da, eta, beraz, unibertsala”, Arzallusen hitzetan. Izan ere liburu honen istorioak horixe kontatzen eta azpimarratzen du,  “berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera, hitz egitean han balego bezala”, argitzen du Arzallusek eleberriaren inguruko azalpenak ematerakoan.

Solasaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta zalantzarik gabe, gurera heltzen diren migranteen egoerak ezagutzeko eta bistaratzeko aukera izango da, bertatik bertara eta lehenengo eskuko informazio eta bizipenekin. Oihana Elduaien ibiliko da moderatzaile lanetan.

Informazio osoa duzue, kulturaz.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu