LITERATURA

“Estereotipoetatik ihesi”, Bilbo Zaharra Forum ekimenean

Bilbo Zaharra euskaltegiak Estereotipoetatik ihesi jardunaldiak ondu ditu Bilboko Plaza Berrian dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekimenak joan den urteko azaroan izan zuen lehen zatia, eta hartan, Koldo Izagirrek, Ur Apalategi, Aingeru Epaltza, Maddi Oihenart eta Jabier Kalzakorta adituek hartu zuten parte.

Oraingo honetan, 2. hiruhilekoan, beste hiru hitzordu ondu dituzte antolatzaileek. Hala, datorren astelehenean, otsailak 20, Iratxe Retolazak eta Ibon Egañak Querr literatura aztergai izeneko hitzaldia egingo dute. Iratxe Retolazak EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazio sailean dihardu, eta UEUko Literatura sailburua da. Hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaboratu du, batik bat euskal literatura garaikidearen inguruko iruzkinak eginez. Ibon Egañak Euskal literatur kritikagintzari buruzko lan mardul bat du argitaratua. Horrez gain, Queer teoria eta mugimenduaren sorreraz eta jatorriez mintzatu ohi da.

Otsailaren 21ean, Hinka taldeak 1615 izeneko kontzertua egingo du. Itxaro Bordak idatzitako euskal testuez osatua izango da kontzertua. Poema bilduma honek, oraina eta iragana uztartzen ditu, duela 400 urte euskal arrantzaleek bizi izan duten gertakari tragikoaren baitan murgilduz eta Islandiaz maitemindua den idazle honen testu autobiografikoez josirik.

Azken egunean, 22an, Bernardo Atxagaren txanda izango da, Itzulpena kristalezko zubi bat da izeneko hitzaldiarekin. Berak esana da: “Oraingo egoera erokeria da. Itzulpenarena estatu auzi bat da. Aparteko kontselaritza bat behar luke, eta behar bezala antolatzeko plan orokor bat. Eta azpigai bat litzateke nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak”.

Ekitaldi guztiak, 19:00etan izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button