LITERATURA

Klasikoen IX. Irakurraldian “Metamorfosia” ardatz

Franz Kafkak Metamorfosia idatzi zuen duela 100 urte. Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako Klasikoen IX. Irakurraldian lan horri omenaldia egin nahi zaio, eta horretarako, mundu mailako literaturako klasiko bat aurkeztuko da euskaraz. Hortaz, bere irakurraldia Arriaga Antzokian egingo da ekainaren 9an, 08:00etan hasi eta 19:00etan amaitzeko.

Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, iaz Sarrionandiaren Narrazioa guztiak izan dira protagonistak, eta aurten, Franz Kafkaren Metamorfosia.

Irakurraldia zabaltzeko Anton Garikanok (itzultzailea) liburuko lehenengo lerroak irakurriko ditu eta ostean euskal kulturako zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako hainbat lagun ospetsuk irakurriko dute pasarte bana jendaurrean. Guztira, 400dik gora lagunek hartuko dute parte.

“Irakurraldiaren helburua beste hizkuntza batzuetatik euskarara egindako zuzeneko itzulpenen garrantzia aldarrikatzea da; izan ere, eragina baitu mundua ulertzeko moduan. Jaia ere ospatuko da, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omentzeko”.

Ekainaren 15etik uztailaren 15era bitartean, Klasikoen Irakurketa Jarraituak bederatzi urteotan izan duen ibilbideari buruzko erakusketa egingo da Bilboko Metroan. Eta horretaz aparte, gai horren inguruko jardunaldiak ere antolatu dira. Hala, gaur berton, Bernardo Atxagaren hitzaldia, Metamorfosiaren irakurketa programatu da. Bihar, Jordi Llovet eta Naroa Zubillaga, izango dira mintzatzen, eta ekainaren 8an, Kafkaren aulkia emankizuna, Pedro Alberdi, Uxue Alberdi, Andoni Egaña eta Pello Ramirezekin.

Jarduerok Euskaltzaindiako areto nagusian egingo dira, Bilboko Plaza Berrian. Informazio gehiago: bilbozaharra.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button