MUSIKA

Bill Ryder Jones, Tindersticks eta Belako, Music Box Festibalean

Donostia 2016 Fundazioak eta Ginmusica-k Music Box Festibalaren programa iragarri dute. Jaialdia 2016an egingo da eta urte osoa iraungo du; hilean kontzertu bat. Ekimenaren xedea da taldeak ez-ohiko tokietan jotzea.

Horretarako, egitarau oparoa ondu dute: 2016ko urtarrilaren 31n, Bill Ryder Jones kantautore britainiarra eta Zarauzko Perlak post-punk bandak Ondartxo Ontzioletan joko dute. Otsailaren 27an, halaber, Corizonas madrildarrek eta Bullet Proof Lovers donostiarrek rock energia haizatuko dute Bilbao Plazan.

Martxoaren 19an, Chris Eckman (The Walkabouts) & Chantal (Sleepingdog) musikariak batera arituko dira, eta Pet Fennec ere gehituko da hitzordu horretara, Zorroaga Elizan.

Apirilaren 10ean, Les Marines DJk eta laster iragarriko duten talde britainiar bat Donostia Kaian izango dira. Apirilaren 16an, halaber, Tindersticks eta Frank taldeek programako kontzerturik jendetsuenetarikoa eskainiko dute.

Ekainaren 25ean, besteak beste, Albert Cavalier, Amor De Tokyo, Ventura eta The Coup bilduko dira Ulia Haztegietan.

Uztailaren 8an, Alde Zaharreko balkoiaren parean, Nimu & Primo eta Disco Bambinos izango dira, eta abuztuaren 6an, Clem Snide, The New Raemon eta Eraul 2016 Guneko, Torres Arbideko eta Tabakalerako terrazetan.

Irailaren 10ean, Templeton, Amara Parkean; urriaren 13an, LosPunsetes, Svper, eta eskolako taldeak, besteak beste, Unibertsitate Plazan eta Arkitektura Eraikinean; azaroaren 19an, zaleek erabakiko dute zein taldek joko duen; eta, amaitzeko, abenduaren 17an, Belako Euskotren Geltokian.

Informazio gehiago: dss2016.eu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button