ESZENA

“Martin Zalakain” ikuskizuna berriz oholtza gainean

Ander Lipusen antzerkiarekin, eta Harkaitz Canoren hitzekin, euskal dantza tradizional garaikidearen lengoaia eta dantza-molde berri baten proposamena, ikusleei emozioen bidez gozatzeko moduko emanaldia da Martin Zalakain ikuskizuna, atseden txiki bat hartu ostean, berriz oholtzaratuko dutena.

Hala, uda aurretik bi bider eskainiko da emanaldia: maiatzaren 25ean, Donibane Garaziko Jai Alai Frontoian, 21:00etan (Irulegiko Irratiaren alde); eta ekainaren 1ean, Arrasateko Amaia Antzokian, 19:30ean.

Juan Antonio Urbeltz zuzendari eta koreografo, Ander Lipus zuzendari eszeniko eta antzezle, Harkaitz Cano idazle, Mikel Urbeltz musikari, Itziar Otamendi dantza maisu, Amaia Bueno jantzien diseinugile eta Josu Garate dantzariaren eskutik Martin Zalakain obra ikusgarria sortu da, Argia dantza taldearen partaidetzarekin batera.

Dantza eta antzerkiaz haratago doan obran, Juan Antonio Urbeltzek, Ander Lipusek eta Harkaitz Canok bat egin dute Pio Barojaren Zalacaín el aventurero eleberrian oinarritutako ikuskizun dramatiko berria egiteko xedez. Pío Barojak 1908an idatzi abentura eleberri honek Martin Zalakainen historia harrigarria kontatzen digu.

Ikusgarria Xiberoko antzerki tradizioan oinarritzen da, pastoralean bereziki, baina italiar Pizkundeko aberastasunetan ere bai, Luis XIVak Frantzian asmaturiko baletan edo XX. mendeko errusiar baletetan. Taula gainean, Ander Lipus antzezleak, kontakizunaren kontalariak, Pío Baroja ordezkatzen du.

Jantzitegiak ere sekulako garrantzia izango du obran, elementu horrek eszena bikaina adornatzen baitu, eta ikusgarriago gertatuko zaio ikusleari. Eta bestetik musika ere parte inportante bat izango da ikuskizunaren baitan. Fikzio dramatikoan oinarritutako obra izanik, gure musika tradizionalekin batera beste musika batzuen aberastasuna uztartu dute bertan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu