ESZENA

Marie de Jongh taldeak “Ikimilikiliklik” oholtzaratuko du Arriaga Antzokian

“Txirristi mirristi, gerrena plat, olio zopa, kikili salda, urrup, edan edo klik, ikimilikiliklik”… hori dio errefrau edota kanta zaharrak. Eta azken hitzarekin bataiatu du Marie de Jongh taldeak prestatu duen proiektu berria: Ikimilikiliklik. Lan horren estreinaldia urtarrilaren 21 eta 22an izango da Bilboko Arriaga antzokian, Gelatxoak programaren baitan.

Marie de Jongh konpainiako mundu eder eta magikoan murgiltzen den ikuskizun berria da Ikimilikiliklik antzezlana. Jokin Oregik eta Ana Meabek proposamen berriaren bidez gai bat tratatu nahi izan dute: beldurrak. Izan ere, “gure proiektuaren lehen protagonista sorginei sekulako beldurra zien baina, denborarekin, sorgin bihurtu den neskato/emakume bat da. Eta bigarren protagonista, berriz, hitza da. Marie de Jonghen ibilbidean ez dugu hitzik erabili. Betiere mutu jardun dugu. Oraingo honetan, ordea, istorioak hala eskatzen duelako, edo hobe esanda, kontatzeko modurik egokiena hitza erabiliz izango dela jakinik, hura baliatzea deliberatu dugu”.

Lana honetan datza: Ekhi, umetan, hamaika arrazoigatik beldurtzen zen, baina baziren bi gauza guztien gainetik beldur izugarria eragiten ziotenak: norbait babesgabe dagoela ikusteak eta Sorginek, mendi tontor bateko etxola zaharkitu batean bizi ziren emakume bakarti eta maltzurrek. Ekhi, maite zuen armiarmatxoa salbatzeagatik, beldur ugari gainditzen joan zen. Hala kontatzen digu Ekhik berak, urteek aurrera egin ahala sorgin bihurtu den emakume edadetuak.

Hala, Ikimilikiliklik ikuskizunaren bidez publiko txiki eta helduarekin beldurraren inguruko hausnarketa bat egitea proposatu nahi dute taldekideok, tartean, Ana Meabe, Aiora Sedano, Juana Palacios, Leire Omeñaca eta Maitane Sarralde.

Diogun bezala, urtarrilaren 21 eta 22an, Bilboko Arriaga antzokian izango da obra, eta hil honen amaieran, urtarrilaren 26an, Leioako Kultur Leioan. Datozen hilabeteetan makina bat ikuskizun eskainiko ditu Marie de Jongh konpainiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button