IKUS-ENTZUN

Immigranteen errealitate gordina

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatu du Zinexit, eta azaroaren 6tik 9ra bitartean zortzigarren edizioa egingo da. Horren atarikoa, Zinexit Topaketak ekimena, gaur izango da.

Egitasmoaren proiekzio eta ondorengo solasaldien bidez, etorkizun hobeago baten bila Europara abiatzen diren milaka afrikarren errealitatera hurbilduko da ikuslea. Horretarako Jonas Carpignano italiar zuzendariaren Mediterránea  filma pantailaratuko da.  Filma gaur berton, 19:30ean, ikusi ahal izango da Azkuna Zentroko Golem Zinemetako 1. aretoan. Afrikako ipar-ekialdeko Burkina Faso herrialdetik, gazte bik egingo duten bidaia luzea kontatzen du film honek. “Nortasun desberdina duten Ayiva eta Abasek, atzerriko herrialde batean bizitzari aurre egiteko modu osagarri bi ordezkatzeaz gain, migrazio-mugimenduak eta banaketa kuotak bezalako hitzen atzean, sentimenduak dituzten benetako gizon-emakumeak daudela erakusten digute”.

Filmak Canneseko Kritika Astean arrakasta handia jaso eta 2015ean Europar Parlamentuaren LUX zinema sarietan finalista izatea lortu zuen. Izan ere, Italiar zinema neorrealista onenetako oinordekoa dugu Mediterranea filma. Eta nola lortzen da hori? “Kokaleku errealak, eszenaratze naturalista, aktore ez profesionalen lana eta migranteen  bizitza oso hurbiletik jarraitzen duen eskuko kamera erabiliz islatzen du Carpignanok aipatutako neorrealismoa.”

Zinexit ekimenaren 8. edizioa, azaroaren 6tik 9ra bitartean egingo da, eta ohi den bezala, gizakiaren duintasuna eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatzea du helburu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button