IKUS-ENTZUN

Zinebik bere 58. edizioa aurkeztu du

Zinebik prest dauka bere 58. Edizioa, azaroaren 18an inauguratuko duena. Egun horretan  lehiaketara aurkeztu diren euskal film laburren emanaldia programaturik dago, eta Jaime Chavarri zinegileari Ohorezko Mikeldia emango zaio. Bigarren Ohorezko Mikeldia Bahman Ghobadi zuzendari kurdu-iraniar ospetsuari emango zaio, eta berak A flag without a country (2015) filma aurkeztuko du, azaroaren 24an, Guggenheim Museoaren auditorioan.

Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko, guztira 33 herrialdetako 71 filmek hartuko dute parte sekzio ofizialean. Estatuko 18 lan daude, eta horietatik 6 euskal zinegileenak dira. Honakoak dituzue: Renovable (Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga); Ulises (Aitor Gutiérrez); Hileta (Kepa Sojo); Anonimo (Iván Sokolov); Gure Hormek (Maria Elorza eta Maider Fernandez), eta Jane, Tarzan ez zen horren guay (Begoña Vicario).
Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi
sekzioan, bost euskal lan eskainiko dira, lau dokumental eta fikziozko bat. Horien artean, Josu Veneroren Gutariko azkena, edo Xuban Intxaustik egin duen Bailarines callejeros lanak daude.

Zinebi First Film (ZIFF) sekzioan, bost kontinenteetako zinegile berrien opera primak begiratuko ditu Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarrak, Xenia Rivery gidoilari kubatarrak eta Jon Garaño euskal zinegileak osaturiko epaimahaiak.

Lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama sekzioak, Sergei Loznitsa, Ulrich Seidl, Robert Green edo Claire Simon zinegileen bederatzi lan ikusteko aukera eskainiko du.

Horretaz guztiaz gain, Larraitz Zuazok zuzendu duen Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren estreinaldia jasoko du azaroaren 19an, 20:00etan, BBK Aretoan.

Gogoratu inaugurazio ekitaldia, Sekzio Ofizialean lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren proiekzioarekin osatuko dela. Beste urte batez, ZINEBI 58ren proiekzioen egoitza nagusia Azkuna Zentroko Golem zine-aretoak izango da, eta saio berezi batzuk egongo dira Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren auditorioan eta BBK Aretoan, beste batzuen artean.

Informazio guztia Zinebin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button