MUSIKA

“Galerak”, Alex Telloren diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak

Alex Tello andoaindar artistak Galerak diskoa kaleratu du, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik. Beasaingo Pottoko estudioetan grabatutako diskoak Ohiana Alkortaren poema baten segidez osatutako 10 kantu berri biltzen ditu, eta Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallus piano-jole gazteak izan ditu Tellok ondoan, poemak musikatzeko.

Gainera, kantuen grabazioan beste hainbat musikarik jarri dituzte euren ahotsa eta musika, horietako batzuk euskal panorama musikalean oso ezagunak, gainera:  Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel, Labrit Zabala, Jon Gurrutxaga, Xabi San Sebastian, edota Oreka TX txalapartariak, esaterako. Eta beste batzuek kantu propioak sortu dituzte proiekturako: Couple, Bihozkada eta Natali taldeak adibidez.

Diskoaren  abiapuntua Alkortak berak auto istripu batez zendu baino lehen Alex Tellori emandako poema bat izan da, poemari segida ematea proposatu baitzion Tellori. Eta horixe egin du: poema horri segida emanez, poema berriak sortu eta horien hitzak musikatu egin ditu disko hunkigarri hori sortuz.

Alkortaren poema horrekin egindako abestiak irekitzen du diskoa, Zure oihuak heltzean, eta gainerako kantuak, Alex Tellok berak egindako poema musikatuak dira. Hala, Zure bila noa eta Ilargia ezkutuan, jazz-pop ukituaz; Aurki zaitzaket balada; Joli Pascual eta Xabi San Sebastienen ahots dueto ederrekin Entzuten ez banauzu kantua; Aitor Gorosabel eta Labrit Zabalaren artean interpretatutako Nintzena naizelako abesti sakona; diskoaren bukaeran biltzen den Pirata lagun, Bihozkada taldearen rock melodikoa; Couple bikotearen paisaia instrumental luzea, eta Zuk lagunduta abestian Nataliren ahotsak markatutako funk-pop dotorea dira diskoaren bizkarrezurra osatzen duten kantuak.

Informazio gehiago, hotsak.com web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button