EZLEKUBAT

Nire Finlandia

Finlandiak badu gauza dezente konparatzekorik Euskal Herriarekin. Ez dira asko geu ere asko ez garen moduan, biak daude Europako bi bazterretan kokatuta eta inguruko herriak betidanik izan dira ahaltsuagoak zentzu askotan. Garai baten Finlandian arazoak izan ziren bertako hizkuntzarekin guk hemen izan ditzakegun moduan eta hemen iparraldeaz eta hegoaldeaz mintzatzen garen moduan nik izan dut Karelian egon naizenean, bertan izandako zatiketaz, esate baterako, Viipuri bisitatu dudanean.

Asko maite dudan lurraldea da Finlandia edo Suomi. Turista bezala izan naiz eta ibili naiz baita ere idazle lanetan, liburu aurkezpenetan, hitzaldiak egiten, mahai inguruetan… Indar handiko herria iruditu zait beti, energia handiko jendeaz osatua, euren bitalismoa begi bistan ikus daiteke, natura ederra baina oso gogorra dutelako agian. Pentsatzen dut ohituko nintzatekeela bertan betiko bizitzen, nahiz eta latza izan hasieran, baina seguru nago Egipton ere gustura biziko nintzatekeela. Europako iparraldeko lurralde guztietan bezala, Finlandian ere uda partea zoragarria da. Edozein laku aukeratu eta egunero bainatzeko ohitura hartu nuen behin han pasatu nuen uda batean. Arrantza egitea ere munduko gauzarik errazena zen eta bat-batean egiten zitzaizun zeu zinela mundu osoan azken biztanlea. Halakoa baita han gozatzen den bakardade ederra.

Ez dira eskandinaviarrak, ez da nahastu behar, jende askok hanka sartzen badu ere, eta iparraldeko punta hartan bizirik nahiko ongi, orokorrean eta ene ustez, jakin dute alkoholari neurria hartzen, eta ez da batere erraza paraje haietan. Suedian, esate baterako eta nire esperientziatik ikusita, ez dute jakin horretan asmatzen, eta are gutxiago nik ezagututako Polonian edo Errusian.

Oroitzapen eder askoak dauzkat Finlandiarekin lotuak, egindako adiskide ederrak, garai batean izandako neskalagun zoragarriak (ai! non ote daude orain?), toki eta paraje hunkigarriak… Amaitzeko eta eszena bakar bat aukeratu behar banu, hauxe: Finlandiako iparraldean nago, Laponiako hiriburua de Rovaniemi-n, bertako kultur etxean. Hitzaldi batean euskal literaturaz mintzatzen, areto handi hartan dena dago goitik beherainoko leiho zabal eskergez inguratuta, denak kristalezkoak, kanpora begiratu eta elurra ari du mara-mara, elur maluta eder askoak botatzen.

Une batez isildu egin nintzen irudi zitzaidalako denbora eten egin zela, dena zela gelditu, bola magiko baten barruan, nengoela sartuta, denboratik at, handik beste inora ezin zitekeela joan eta betirako geratuko nintzela bertan, ez nuela ateratzeko batere gogorik… Eta oso gustura nengoen.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button