LITERATURA

Kirmen Uribek “Elkarrekin esnatzeko ordua” kaleratu du

“Kontakizun zenbait idazlearen gogoan bizi litezke urte askoan, paperera ekarri baino lehen; gehienak oroimenaren ilunpeetan galtzen dira, sekula hezurmamitu gabe, baina gutxi batzuek eutsi egiten diote denboraren joanari. Horietako bat da orain datorren hau”. Lerro hauekin hasten da Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak kaleratu duen bere azken lana: Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa)

Liburuaren kontrazalean azaltzen dira nobelaren nondik norakoak: “Egiazko pertsonaiek eta gertakariek bilbatzen dute Kirmen Uriberen hirugarren eleberriko kontakizuna: Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren askatasun egarria eta erresistentzia bipila. Gerra galdua zelarik Euskal Herrian, Karmele erizain ondarrutarrak eta Txomin musikari bilbotarrak Eresoinka taldean ezagutu zuten elkar, Paristik gertu, Belloy jauregian; eta han topo egin zuten aspaldiko lagun batzuek ere, Antonio Gezala margolariak eta Manu Sota idazleak. Alemaniarrek Frantzia okupatu baino lehen Letamendi-Urresti senar-emazteek ihes egin zuten Caracasera, baina Agirre lehendakariaren agindu batek atzera bueltan ekarri zituen Bilbora 1943an, zerbitzu sekretuetan faxismoaren aurka borrokatzera.
Familia baten bizipenak jasoz, ametsen eta ezintasunen kronika nobelatua duzu hau, XX. mendeko gure historiaren atal berezi bat”.

Liburuaren orriotan barneratu ahala, eta lau zatitan banaturik datorren arren, kapituluka arituko da irakurlea, izan ere bakoitzak titulu bat du, bertan irakurriko dugunaren zantzua emateko asmoz. Lau zati haiek urteka datoz banaturik; hala, lehen zatiak 1927-1943 urteak hartuko ditu; bigarrenak, 1943-1950; hirugarrenak, 1953-1979, eta azkenak, 2010-2011.

Azken orriotan egileak berak oharra jarri du, horrela hasten dena:  “Fikzioaren logika narratiboari jarraiki idatzita dago nobela hau, baina pertsonaia guztiak hezur-haragizkoak direnez eta gertakizunak ere egiazkoak, idazlearen lizentzia izan da pasarte batzuk irudikatzea”.

Liburua hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button