LITERATURA

Juanjo Olasagarre idazleak “Ia hemen” poema liburua plazaratu du

Gaur,  Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Juanjo Olasagarreren Ia hemen (Pamiela) liburuaren aurkezpena izan da.

Juanjo Olasagarre idazleak Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete poesia saria irabazi zuen iaz. Lan hori Pamiela argitaletxeak inprimatu du liburu gisan. Epaimahaikideen hitzetan “Irabazle geratu den Ia hemen liburuaren ezaugarrien artean, poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handiko hausnarketa izatea. Ironia baliatzen du egileak, ausart eta anker. Hemen ez da ezer gertatzen esanez labur genezake esaten den guztiaren gainezkaldiaren ostean geratzen dena. Poema bilduma anitza da formen, irudien eta gaien ikuspegitik. Gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa aldi liriko eta aldi berean petrala eskaintzen du Juanjo Olasagarre euskal poeta ezagunaren obra honek. Urbanotasuna, naturarekiko atxikimendu mikatza, norberarekiko arroztasuna, itzuleran beti norabait iristea, maitasuna, ez-maitasuna, bulkada homoerotikoak, hausnarketa filosofikoak, hona bildumako ildo oparoak…”

Gaupasak, Bizi puskak eta Puskak biziz ditu orain arteko poema liburuak.  Ezinezko Maletak, T eta Poz aldrebesa nobelak ere plazaratu ditu. Astero zutabe bat idazten du Deia egunkarian, eta Berrian ere aritzen da hilabetean behin.

Laugarren aldia bete du Xabier Lete poesia sariketaren laugarren sari izan zen joan den urtekoa. Aurretik, Karlos Linazasoro (Ezer gehiago behar gabe, 2012), Luis Garde (Eremuen berkalifikatzea, 2014) eta Asier Serrano (Linbotarrak, 2016) idazleak sarituak izan ziren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button