EZLEKUBAT

“Joxean´S Hil Eben”, B Sailaren eta Spaghetti Western-aren artean

Joxean´S Hil Eben izenburuarekin izendatu du Katihotsak Logia kultur elkarteak Ataun Of The Dead film odoltsuaren bigarren zatia. Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek zinegileek Zonbi karlistak eta banpiro jeltzaleak bildu dituzte filmean: “Munduan egiten den ekoizpen kulturalaren %93a zaborra besterik ez omen da. Euskal Herriko ekoizpen kulturalean berriz, egiten denaren %99a omen da zaborra. Geroz eta gehiago sortu, orduan eta aukera gehiago egongo dira Sublimeak diren gauzak sor daitezen gure herrian. Gu zabor hori sortzera gatoz”. Iturriozekin hitz egin dugu filmaren berri izateko.

Joxean´S Hil Eben, estreinatu berri duzue, Ataun Of The Dead lanaren bigarren zatia; bigarren zati hori lehenengoaren arrakastaren ondorioa da?

Ez nuke esango ondorioa denik. Hasiera batetik, ideia zen trilogia bat egitea, gustuko genituen film mitikoen antzean,adibidez Star Wars, Indiana Jones, Back to The Future, edo baita Matrix edo Lord Of The Rings ere. Ataun Of The Dead errodatzen hasi aurretik, hiru filmen ideia orokor bat sortu genuen, hau da, lehenengoan Zumalakarregi berpiztu, ondorenean Agirre eta hirugarrenean Antxo Nagusia. Gure herriaren historiako pertsonaia mitikoen berrirakurketa moderno bat egiteko. Gure erreferentzietako bat Gabai komikia izan zen, non historiaren irakurketa “abertzale” bat egiten zen eta pertsonaia historikoak mitifikatuak agertzen ziren. Beraz, esango nuke, bigarren zatia, ideia originalaren bigarren fasea izan dela.

Eta, hirugarren zati bat ere egitea pentsatuta daukazue. Nola bururatu zitzaizuen Karlistak zonbi bihurtzen dituen trilogia hau egitea? Nola sortu zen ideia?

Hirugarren filmean beste bi gai jorratu nahi ditugu. Alde batetik, ezker abertzalearen klixeekin sartu nahi dugu; eurak izango dira Antxo Nagusi momifikatuta herriko taberna batean gordeta izan dutenak urte luzeetan zehar, noizbait errege legitimo bezala erreklamatzeko. Beti egon da diskusio hori, Euskal Herriaren subiranotasuna foruetatik dator ala nafar estatutik? Hainbat abertzalek ez lukete inoiz karlista bat euskaldunen errege bezala onartuko. Bestalde, “navarristekin” ere sartu nahi dugu, Nafarroa Espainian naturalki eta gogoz asimilatua izan zela diotenekin, alegia.

Eta zein asmorekin egin zenuten? Zein helbururekin?

Zinea beti gustatu izan zaigu eta probatu nahi genuen. Musika talde asko sortzen diren arrazoi beragatik egin genuela esan dezakegu. Adibidez Punk-a gustatzen bazaizu, ez zara musika eskola batera joaten, baxu bat, gitarra bat eta bateria bat lortzen duzu eta palizak ematen dizkiezu, berdin du ezer ez badakizu edo hiru akorde besterik ez badakizkizu, kontua da jotzea. Musikan jendeak hori egiten du, baina zinean…ze demontre! Kamara bat lortzen dugu, odol pixka bat, lagun batzuk konbentzitu, eta aurrera!

Do It Yourself filosofiari heldutako zonbi filmak egiten dituzuela esango nuke, ados zaude?

Bai, “egizu zeuk” filosofiari erabat helduta gaude, baita auzolandegi kontzeptuari ere. Nahiz eta gero hainbesteko etekina atera ez diegun, tramankulu pila egin genituen filma grabatzeko. Garabi bat kamara altura handietaraino igotzeko, travelling-ak egiteko patinete bat oinarriarekin, gurpildun aulki bat beste travelling mota batzuk egiteko,… youtube-n bideo asko daude gauza hauek diru gutxirekin nola egin azaltzen dutenak.

Oraingoan, gainera, zonbi karlistak eta banpiro jeltzaleak bildu dituzue bigarren zatian. Zer kontatzen du bigarren zati honek? Genero nahasketak atsegin dituzue, beti ere, beldurrezkoaren baitan?

Lehenengo filmean zonbi izurrite bat zabaltzen zen Euskal Herrian, eta filmeko protagonistak ziren zientzialari karlistak Zumalakarregi berpizten saiatzen zirenak, euskal politikan fundamentua jartzeko. Bigarren filma, urte bete beranduago gertatzen da. Zumalakarregi, XIX. Mendeko guda karlistetan hildako soldaduak berpizten hasten da. Zonbi izurriteak arazo handia suposatu dio Partidu Nazionalista Banpirokoei, ze banpiroak giza odolaz elikatzen dira, baina nola geroz eta zonbi gehiago dauden, konpetentzia handiagoa da eta errekurtsoak txikitzen doaz. Beraz, banpiroek Agirre lehendakaria berpiztea erabakitzen dute arazoari konponbidea bilatu diezaion.  Ahaide nagusien gerraren antzeko zerbait da.

Estilo edo genero nahasketari dagokionean, egia da collage handi bat dela film guztia: Spaghetti Eestern-a eta B serieko filmen arteko nahasketa baten antzekoa da.

Trailerra ikusita, zati batzuetan behintzat, Walking Dead telesailaren eragina nabaritzen da, baina, zeintzuk dira, oro har, zuen film edo zuzendari kutunak?

Bueno, Walking Dead agian erlazionatzen da Zonbi modernoekin, baina Walking Dead azkeneko 8 urteetako zonbi filmen ondorioa da. Resident Evil, 28 days after edo Dawn Of The Death filmek zonbien filmak egungo hizkuntza hollywood-tar modernora egokitu zituzten, B serieko genero izatetik Hollywoodeko beste genero bat izatera pasa ziren, askotan B serieko klitxe asko galduz.
Walking Dead dinamika horren barruan sartuko nuke, zonbi modernoen multzoan. Egia da zonbiak azkarrak izateak tentsio gehiago ematen dioela filmei, baino ez dakit, ni gehiago agobiatzen naute zonbi masa motel horiek. Estilo edo estetika aldetik Wes Anderson asko gustatzen zaigu, baita Tarantinoren biolentzia estilizatua ere. Beste alde batetik, Sergio Leoneren jarraitzaile sutsua naiz. David Lynch ere erreferente bat da guretzat. John Carpenter-en 80ko hamarkada bukaera arteko filmak asko gustatzen zaizkigu.

Zinea, berez, diziplina garestia izanda, nola finantzatzen dituzue zuen proiektuak?

Azken urteetan zinea egiteko materialak nahiko merketu dira. Gaur egungo Reflex argazki makinek 24 fps-etan grabatu dezakete eta askoz merkeagoak dira. Guk Canon 550D kamara bakar batekin grabatu dugu eta ordenagailu-eramangarri batean muntatu eta editatu dugu dena.

Eta aktoreen casting-a nola egiten duzue?

Ez dugu kastinik egin, lagunei galdetu diegu ea parte hartu nahi zuten eta ea konpromezu minimo bat zuten, eta konpromezua hartu zutenak banpiroak izan dira,filmeko protagonistak eta konpromezurik hartu nahi ez zutenek zonbi edo extren paperak egin dituzte. Interesgarriena izan da beste koadrilekin kolaboratzea, besteak beste, Eibarreko Kezka dantza taldeko lagunekin.

Kontaiguzu, nola egingo dituzuen proiekzioak… edo banaketa lana…

Ba, trailerraren bukaeran mamu harraparien anuntzioa jarri dugu, norbaitek filma ikusi nahi badu katihotsak@gmail.com helbidera idazteko esaten. Sare komertzialek ez dute kulturaren zabalkundea helburu bezala, baizik eta etekin ekonomikoa. Liberal edo neoliberalek ez dute aberririk dirua ez besterik. Ahalik eta leku gehienetan proiektatzea gustatuko litzaiguke, horrela herri desberdinetan poteatzen ibiltzeko aukera izango dugulako eta batez ere, hirugarren filma grabatzera animatuko diren koadrilekin kontaktuak egiteko. Beraz berdin zaigu kultur etxe, gaztetxe, zinema edo lantokietan proiektatzea, baita zinema festibaletan proiektatzea ere, nahiz eta filmak 48 minutu inguru izanik, leku gutxitan proiektatuko duten, ez baita ez laburra ezta luzea ere, erdimetraia baizik.

Azkenik, noizko trilogiaren hirugarren zatia?

Ba momentuz tarte bat hartu nahi dugu. Beste proiektu batzuk genituen esku artean baina alboratu behar izan ditugu filma bukatzeko eta proiektuok berreskuratzea gustatuko litzaiguke. David Larrañaga, Oskarbi Sein eta hiruok komiki bat egiten saiatzen gabiltza azkeneko bi urteetan zehar, eta horri heldu nahi diogu momentuz. Esan bezala, otsailetik aurrera egiten hasiko garen proiekzioekin, hirugarren filma grabatzeko jendarte sare bat lortu nahi dugu. Seguru aski hemendik bi urtera arte ez gara martxan jarriko hirugarren zatiarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button