IKUS-ENTZUN

“Zinema_Ilegala” ekimenaren denboraldi berria martxan

Gaur berton, maiatzaren 6an, arratsaldeko 17:30ean, Bilboko Bulegoa z/b-k Zinema_Ilegala ekimenaren 11. denboraldia hasiko du, aro berri batekin batera ere, Aizpea Atxa eta Akane Saraibaren koordinaziopean. 90. saio honetarako La Diligencia (John Ford, 1939) eta Río Rojo (Howard Hawks) filmak pantailaratuko dira.

Aizpea eta Akane, zikloaren koordinatzaile berriek, honako hitzekin azaldu digute bi pelikula hauek hautatu izanaren zergatia: “ez zen batere erraza biok geunden ikus-entzunezko bat topatzea. Irudi desberdinak sentitzen genituen hurbil, haietako batean ere ez ginen biok topatzen. Horregatik, nahiz haiekiko atxikimendu berezirik ez izan, telebistan ikusiak genituen filmak berrikustea erabaki genuen. ETB2k gure haurtzaroan eraiki zuen atzealde hura. Gure aitona-amonek aukeratutako hondoa zen; garai hartan ez genuen barneratzeko interesik edo gaitasunik, baina bertan zeuden. Jolasten ginen bitartean, lurrean margotu edo programaz aldatu arte itxaroten genuen bitartean ikusten genituen western filmak. Irudi haiek guztiak gure buruetan sartu, eta gure gogameneko tokiren batean ezkutatu ziren. Hau guztia belaunaldiko kontua da oso, baina, zergatik ez? Garai hartan txiki-txikiak ginen, eta, nolabait ere, hau da haiekin dugun harremana.
Ordu batzuez pantailan izaten zen gauza bakarra zen. Western filmak ETB2n. Euskal Herritik kanpo ere telebistan westernak jarriko ote zituzten galdetzen diogu gure buruari. Orain, modu batera edo bestera atzealdean egon diren irudiok berrikusi nahi ditugu.”

Zinema_Ilegalaren funtzionamendua erraza da: “pertsona batek edo gehiagok ikus-entzunezko materiala proposatuko du Bulegoa z/b-n erakusteko. Kontua ez da norberaren materiala erakustea, deigarria egiten zaizun zerbait, dagoeneko ikusitako zerbait edo ikusteko duzun zerbait, gertu duzun zerbait edo gertu sentitu nahi duzun zerbait ikustea baizik”, diote koordinatzaileek.

Bulegoa z/b-tik, eta koordinatzaileen bitartez, pelikula proposatzen duen pertsonari laguntza eskaintzen zaio, saioaren sorkuntza eta antolakuntzan eta baita pelikula ondorengo solasaldian. Saio bakoitza, talde-ikuskatze gisa eskaintzen zaio publikoari.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button