ESZENA

Euskal eszenako taldeak, BAD-en

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia BAD joan den ostegunean abiatu zen hogei konpainiaren presentziarekin, eta horietarik erdia Euskal Herriko eszena garaikidean aritzen dira.

Datorren larunbatera arte, Olatz Gorrotxategi, Khea Ziater, Eva Guerrero eta Parasite Kolektiboaren azken lanak eszenaratuko dira.  Aipatu ere egin behar da euskal zirku garaikideko Lurrak ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia programatu dela.

Gaur, asteartean, Khea Ziater taldeak (Maria Urcelay eta Arrate Etxeberria) Malmó lana egingo du BADen, gaueko 21:00etan, Pabellón 6 aretoan. Konpainia 2010ean jaio zen proiektu independente modura eta bere proposamenak hizkera eszenikoaren eta zinematografikoaren arteko harreman-kodeen bilaketan oinarritzen dira.
San Frantziskoko udaltegian, 20:00etan, ostegunean eta ostiralean ikusi ahal izango den Olatz Gorrotxategiren 43º13’44’’N piezak erregimen frankistak hil zituen eta erbesteratu eta inoiz etxera itzuli ez ziren pertsonen bilaketa kontatzen du. Gorrotxategi antzerki irakaslea da, antzezle eta dramaturgo izateaz gain, eta ACT Festival izenekoaren ekoizpenean egiten du lan.
Unai Lopez de Armentiak (Parasite Kolektiboa) 50 minututan antzezten duen Hot Water lanean, testua, ahotsa, gorputza eta irudia fusionatu egiten dira, adimenari eta emozioei dagokienez ikus-entzulea lekuz aldatzeko.

Proposamen interesgarrienetako bat Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten Lurrak obra da. Urriaren 28an, Campos Antzokian antzeztuko da Adrian Schvarzsteinek zuzendutako ikuskizuna, Kaldearten eta joan den Bilboko Kalealdian aurkeztu zena, eta eszenako kalitate, hiri hezitzaile, euskal kultura eta ekipoaren balioak sustatu nahi dituena.
Lurrak obrak lantokia adierazten du, non lurra ere oso presente dagoen, eta bertan ere protagonisten bizipenak agertzen diren, hori guztia zirku garaikidearen teknikekin zipriztindurik. Zirkuko teknika bat baino gehiago menderatzen dituzten espezialisten agerraldiak daude, eta musika tresna tradizionalak (txalaparta ikusgarria) eta modernoak jotzen dituzten musikariak, izan ere, pieza horretarako propio sortu da musika berezia. Bertan Ortzi Acosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo, Marc Muñoz eta Nuria Puig interpretazioa lanetan arituko dira, eta Mikel Hernandez, Ana Gambra, Unai Laso eta Roberto Castro musikaz arduratuko dira.

Amaitzeko, diziplina anitz lantzen dituen Eva Guerrero artistak Anotación nº 7 – Anotaciones sobre el miedo izeneko pieza aurkeztuko du ostegunean La Fundiciónen (20:30ean). Lanak beldurraz dihardu, izan ere mundu guztiak duen zerbait da beldurra, baina bakoitzak bere erara bizi du. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button