IKUS-ENTZUN

Emanaldi interesgarriak Donostia, Bilbo eta Iruñean

Donostiako Kresala zineklubak astelehenero egiten dituen emanaldien harira jakinarazi du, gaur egin beharreko Kairo 678 (Mohamed Diab-engan, 2010, Egipto) filmaren proiekzioa ostegunean, martxoaren 22an, egingo dutela.

Filma benetako istorio batean oinarritzen da: sexu-jazapernaren kontrako hiru emakume egiptiarren borroka. Haietariko bat jazartzaileen izterrondoan labana sartzen hasiko da. Horrela, herrialde osoa hankaz gora jarriko duen heroi bihurtuko da. Emanaldia etzi izango da Donostiako Arrasate Kultur Aretoan, 19:30ean.

Bilboko FAS zineklubak, halaber, bihar Alexander Kluge zuzendariak 1968an estreinaturiko Die Artisten In Der Zirkuskuppel: Rattlos filma proiektatuko du El Carmen aretoan, 19:45ean. Filmak enpresari bihurtuko den zirkuko artista baten gorabeherak kontatzen ditu. FAS-en webgunean irakurri dugunez, “filma, berez, artistak bere independentzia babesteko dituen zailtasunen inguruko parabola gazi-gozoa da”. Estreinatu zen urtean Urrezko Lehoia jaso zuen Veneziako Jaialdian.

Azkenik, Nafarroako Filmotekak Pedro Oleak Mola jeneralari buruz egindako La conspiración lana proiektatuko du ostegunean, martxoak 22. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Mola 1936ko martxoaren 14an iritsi zen Iruñera eta militarraren karguaz jabetu zen. Urte bereko uztailaren 19an bere soldaduak altxarazi zituen, Espainiako Gerra eragin zuen kolpe militarra zuzendu ondoren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button