LITERATURA

“Idazleen gorputzak” saiakera argitaratu du Eider Rodriguez idazleak

Eider Rodriguez idazleak Idazleen gorputzak izeneko saiakera argitaratu du Lisipe bilduman. Joan den astelehenean, Susa argitaletxeak lan berriaren aurkezpena egin zuen.

Aipaturiko argitaletxeak saiakera-lan horren mamia luzatu digu: “Eider Rodriguez idazleak, literaturaren inguruko hausnarketa eta kritika ez ezik, emakumeek literaturan duten tokiaren inguruko datuak eta emakume idazleen ahotsak dakartza. Ez da harritzekoa emakumeek literaturan izan duten parte hartzeak beste eremuetan duten parte hartzearekin duen antzekotasuna. Patriarkala den gizarte orotan bezala, literaturatik ere kanporatu dituzte emakumeak. Eta bertan sartu nahi izan dutenean, posizionamendu ezberdinak hartu izan dituzte.
Denetariko estrategiak erabili izan dituzte debekatutako eremuak arakatzeko eta eraldatzeko, eta estrategia horiek guztiek emakumeen genealogia osatzen dute, ez bakarrik literaturarekin erlazioan, baizik eta gorputza eta, beraz, bizitza bizitzeko, imajinatzeko, irakurtzeko eta idazteko momentuan”.

Lan horretan, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio, eta Uxue Alberdi elkarrizketatu ditu Eider Rodriguez idazleak.

“Idatzi nahi dugunaz idazten al dugu? Zeri buruz idatzi behar dugu idatzi nahi genukeenaz idatzi ahal izateko? Zein dira ordaindu beharreko peajeak? Zeri buruz idatz dezakegu eta zeri buruz ez? Nola eragiten diete gure gorputzek gure testuei? Nola idazten da gorputz hauetatik? Nola irakurtzen da gorputz hauetatik sortutakoa? Zein dira gure lastak eta nola egin askatzeko? Idazten duena ez da nahi duena idazteko aske, hasteko eta behin, lirudikeena baino hesituago baitago bere irudimena. Kultura ez ezik, literatura, tramak, pertsonaia literarioak, idazteko aukeratutako gaiak, estiloak, ahotsak…, denak dira sistema baten parte, eta hala, errealitate hori behin eta berriz birsortzen duten kultur konstruktoen parte.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button